Gaur egin dute lehenbiziko bilera Zarauzko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta auzoan panelak jartzeko prozesuari ekin diote. Azken Portu Goiko auzotarrak urte luzetan kexatu dira AP-8 autobideak eragiten duen soinu kutsaduraz eta askotan eskatu dute auzoa zarataz babesteko. Horri erantzungo die orain bi erakundeak lantzen ari diren prozesuak. Auzoan izan dira gaur udaleko zein aldundiko ordezkariak, egoera bertatik bertara ezagutzeko.
Autoek eragiten duten zarata murrizteko panelak autobidearen inguruan jarriko dituztenez, Bidegik jarriko du aurrekontua. Elkarte publikoak 2014ko aurrekontuetan Zarauzko inguru horretan panelak jartzeko 300.000 euroko inbertsioa aurreikusi du lehen fasean, eta proiektuak aurrera egin ahala aztertuko du beharrak asebete ote diren. Proiektuak aurrera egiten duen heinean auzoko herritarrekin bilerak egingo dira, lanaren garapena azaltzeko.
Zarata moteltzeko panel hauen beharra argi geratu zen iaz, 2013ko aurrekontuen harira Zarauzko Udalak martxan jarritako parte hartze prozesuan. Auzotarrekin egindako bileran jasotako eskari nagusietakoa izan zen, hain zuzen, zarata murrizteko panelak jartzea. Zarautz Ehuntzen udal planeko 27. puntuan jaso du udalak kutsadura akustikoari lotutako eremuak identifikatu eta aurre egiteko duen asmoa. Hori dela eta, "pozik" agertu da Zarauzko Udala aldundiak proiektuaren aurrean izandako jarrerarekin.
Aurrekontuen inguruko bilerak, laster
Bestalde, gogoratu dute laster jarriko dela martxan 2014ko aurrekontuen inguruko parte hartze prozesua Zarautzen. Herritar guztiek auzoz auzo euren proposamenak egiteko aukera izango dute antolatuko dituzten bileretan.