Azpeitia Cup elkarte berriak antolatuko du aurten fubolari gaztetxoen topaketa

Urola Kostako Hitza 2014ko urtarrilaren 16a

Azpeitia futbolari gazteenen elkargune bihurtuko da beste behin ere datorren maiatzean eta ekainean. Zazpi urtez egindako Iraurgi Cup Adiskidetasun Txapelketak bere bidea amaitu ostean, elkarte berri batek, Azpeitia Cup-ek hartu du lekukoa, eta jarraipena emango diote futbol txapelketari. Bost lagun ari dira antolaketa lanetan: Mikel Rodriguez, Mikel Aranbarri, Satur Moto, Joxe Iriondo eta Ignacio Egibar. Elkarte berri honek udalaren eta hainbat enpresa eta erakunderen laguntza jasotzeaz gain, herriko guraso askoren laguntza ere jaso du: «Iraurgi Cup-ek jarraipenik ez zuela izango jakin zutenean, tristetu egin ziren guraso asko eta asko; horregatik, gure asmoen berri izan dutenean berehala eskaini digute euren babesa eta laguntza», azaldu du elkarteko kide Mikel Rodriguezek. Esku berriak, baina etenik ez Azken zazpi urteetan Euskal Herriko eta Espainiako mutilen alebin taldeen futbol txapelketa hartu du Azpeitiak. Iraurgi Cup-ek zabaldutako bidetik, txapelketa berri bat antolatuko du elkarte sortu berriak. Dagoeneko txapelketa berri honek baditu lehen parte-hartzaileak: Euskal Herritik Reala eta Athletic bertan izango dira; Herrialde Katalanetatik Barcelona, Valencia, Espanyol eta Levante; eta Espainiatik Real Madril, Sevilla eta Betis, esaterako, etorriko dira. Gainera, harremanetan daude etortzeko interesa luketen atzerriko bi talderekin ere: Ingalaterrako Arsenal taldearekin eta talde japoniar batekin, hain zuzen. Txapelketa ekainaren 13an, 14an eta 15ean jokatuko dute: «Jokalari guztiak berotasun eta gogoz jasoko dituen topaleku izatea nahi dugu herria», adierazi dute. Neskak estrainekoz Iraurgi Cup txapelketa oinarri hartu dute antolatzaileek, baina izango da berritasunik ere. Besteak beste, infantil mailako nesken I. Adiskidetasun Txapelketa egingo da, «berdintasun arloan lan egitea garrantzitsua» iruditzen baitzaie. Hala, hasi dira dagoeneko lehen taldeekin harremanetan jartzen. Euskal Herriko taldeen artean maila ona eta aukera zabala dagoela diote antolatzaileek. Hala ere, «oraindik ikusteko dago bertako taldeekin soilik antolatuko den, ala Espainiako taldeetara ere joko dugun». Edozein modutan, maiatzaren 1eko zubirako aurreikusi dute nesken I. Adiskidetasun Txapelketa. Elkarte berriak azpimarra berezia egin nahi izan dio Azpeitia Cup-ek herrian izango duen eragin ekonomikori. Rodriguezek hala adierazi du: «Badakigu nolakoa den Azpeitiko egoera ekonomikoa, eta gure ustez oso positiboa izango da maiatzean eta, batez ere, ekainean egitasmo honek eragingo duen bultzada ekonomikoa; 3.000 lagun inguru herrira etortzea aurreikusten dugu, eta horiek herriko ostatuetan, garraio zerbitzuan nahiz aisialdian dirua utziko dute». Arlo turistikoan ere onura nabarmenak ikusten dizkiote antolatzaileek egitasmo honi: «Azpeitia Cup izena jarri diogu, Azpeitiaren izena agertu dadin, gure herria ezagunagoa egin dadin». Rodriguezek azaldu duenez, aurreko urteetan hemen izan diren kanpoko taldeak «maiteminduta gelditu dira herriarekin eta inguruekin» eta, gaineratu duenez, horrek berak «gauzak egiten jarraitzeko gogoa pizten du». Turismoarekin eta herriaren irudia kanpora ateratzeko asmoarekin lotutako beste datu bat ere eman dute antolatzaileek. Haien esanetan, txapelketako partida batzuk telebistaz eskaintzeko aukeraz hizketan ari dira hainbat telebista katerekin. Bestetik, txapelketa jokatu aurretik, txapelketa garaian eta ondorenean sortuko diren informazio, irudi eta bestelakoen berri emateko webgunea prestatzen ari da elkartea. Oraindik martxan ez badago ere, www.azpeitiacup.com webgunean laster egongo dira txapelketaren inguruko lehen berriak. 1urolakosta.hitza.eus

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide