India Art Fair arte azokan erakutsiko ditu bere lanak Udane Juaristik

Ane Olaizola 2014ko urtarrilaren 16a

Udane Juaristi artista azkoitiarraren ibilbide profesionalak sendotzen jarraitzen du, eta bide horretan beste urrats bat ematekotan da orain. Bere lanek nazioartera egingo dute salto hilaren amaieran, eta Indiako arte azoka garrantzitsuenean erakutsiko ditu. Izan ere, New Delhiko India Art Fair arte azokan hartuko du parte azkoitiarrak. «Madrilgo Gaudi arte galeriak nire lanak ikusi ditu, eta New Delhin beraiekin parte hartzea proposatu didate. Indiako hiriburuan egingo dute azokan izango naiz, eta galeria horren bitartez erakutsiko ditut han lanak», adierazi du Juaristik. Urtarrilaren 30etik aurrera, azokak iraungo duen lau egunetan erakutsiko ditu Indiarako propio sortu dituen sei margolanak: «Gabonetan aritu naiz margolanak egiten, eta orain arteko ildo berdina jarraitu dut». Bere estiloarekin leial, paisaia hiritarrak ageri dira lan horietan, gehienak New Yorkekoak (AEB), eta etxaurreak nagusi dira kolore artean, bolumenari garrantzia berezia emanez; «irudiek ez dute Indiarekin loturarik», adierazi du. Bigarren aldiz izango dira Juaristiren lanak arte azoka batean, duela gutxi Irunen aurkeztu baitzituen Arteztu galeriaren bidez. Dena den, nazioartean halako aukerarik ez du orain arte izan. «Izugarrizko poza izan da. Duela egun batzuk mezu bat jaso nuen posta elektronikoz, eskaintzaren berri ematen. Nire obrekin interesatuta zeudela esan zidaten, eta hori izugarria izan da; Indian erakusteko proposamena egitea, berriz, are pozgarriagoa». Indian haren margolanek nolako harrera izango duten ez dakiela aitortu du artistak, baina bertan parte hartu izana «lorpen» handia izango dela azpimarratu du: «Ez dakit zer gertatuko den, beharbada herrialde horretan ez zaizkie gustatuko nire lanak, baina behintzat esperientzia polita jasoko dut». Hain zuzen, proiektu hau esperientzia bezala hartu du azkoitiarrak. «Hemendik kanpora jendeari nire lanaren berri emateko aukera izango dut, eta hori lorpen handia da niretzat. Margolanik saltzen ez badut ere oso gustura egongo naiz. Nire lana ikustaraztea eta zabaltzea da garrantzitsuena, jendeak nire izena ezagutu dezan». Indian eta Madrilen Madrilgo Gaudi galeriako arduradunek interesa agertu dute Juaristiren lanekin, eta halako proposamenak jasotzeak bere ibilbidea sendotzen laguntzen duelakoan da azkoitarra. Gainera, Indiako azokan parte hartzeaz gain, Gaudi galerian ere jarriko dituzte lanak erakusgai; «Gaudi galeriak esan dit azoka amaitzen denean nire lanak Madrilgo beraien aretoan erakutsi nahi dituztela. Ez da erakusketa bat izango, ordea; artista askoren lanak eduki ohi dituzte euren galerian, eta nireak ere han izango dira, beste batzuenarekin batera». Juaristiren arabera, berak jorratzen duen estiloak erakarri du Gaudi galeria: «Paisaia hiritarrak gogoko dituzte galeria horretan, eta horren bila egoten dira, antza Madrilen asko saltzen delako. Beste artisten margolanen aldean, nire lanak desberdinak direla esan didate». Azoka prestatzeko buru-belarri ibili ostean, enkarguekin jarraitu du artistak. Horrez gain, pintura tailerrak ematen ditu Urrategi auzoan duen estudioan. Egun hiru talderi ematen dizkie eskolak; «lana bakarkakoa da. Bakoitzaren ezaugarrien arabera, horiek zuzentzea izaten da nire lana».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide