Jose Inazio Manterola: "Orain, txakolina ekoizteaz gain, saltzen ikasi behar dugu"

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko urtarrilaren 16a

Jose Inazio Manterola (Zarautz, 1950) txakolin ekoizleak eta Getariako Txakolina jatorri izendapeneko presidenteak uzta berria izan du hizpide HITZA-rekin, San Anton Egunaren bezperan. San Anton Egunean aurkeztuko duzue aurtengo txakolina. Zer moduzkoa izan da azken uzta? Mahats gutxi izan dugu aurten, eta horrek produkzioa txikia izatea eragin du. Udaberria berandu arte ez zen iritsi, eta hotza eta bustia izan zen gainera. Horretaz gain, maiatzean Zarautz inguruan kazkabar-jasak egin zituen, eta kalteak eragin zituen mahastietan. Ekoizpena txikia izateak txakolinaren graduazioa altuaxeagoa izatea ekarri du. Mahatsa bildu ere berandu xamar bildu zenuten, ezta? Bai, hala ere uste genuen beranduago bildu beharko genuela. Zarauzko Mahats Biltzearen Festa mahatsik gabe egin behar izan genuen mahatsa oso berde zegoelako. Udan bero handiak etorri ziren, eta horrek hobetu zuen egoera, baina normala baino hamabost edo hogei egun beranduago abiatu genuen mahats bilketa. Eguraldiari guztiz lotuta dago zuen lana, beraz. Zeruari begira bizi gara nekazariok eta arrantzaleok. Jakin badakigu urte bat ona egin dezakeela eta datorrena zeharo txarra. Gure lanbidearen parte da hori. Udaberrian txakolina botiletan sartzen ari ginen, ekaitza beltz-beltz zetorrela ikusi genuenean. Horrelakoetan ezin dugu ezer egin, kazkabarra nola botatzen duen ikusi besterik ez. Izan zen urte bat etxerako botila bat ere ekoiztu ez genuena; egoera onartu besterik ez dago. Udazkenean, mahatsa jasotzeko garaian, eguraldi ona egiten du normalean. Udaberria, aldiz, aldakorra izaten da; garaiak izaten dira, baina zenbait urtetan ez da udaberririk izaten. Negutik udara pasatzen gara. Udaberrian mahatsa txiki-txikia izaten da, eta kazkabarra egiten badu, esaterako, mahatsaren azala apurtu edo adarra bera puskatu daiteke. Zein ezaugarri ditu aurtengo uztak? Txakolinari hemengo mahatsak ukitu berezi bat ematen dio, eta aurreko urteetako txakolinaren antzekoa dela esango nuke nik. Graduazio aldetik altuxeagoa da, eta agian aurreko urtekoa baino gorputz gehiago ere baduela nabarmenduko nuke. Bereizgarria duen txinparta hori du, txakolin txuri-txuria; ederra da aurtengo txakolina. Zenbatean gutxitu da aurtengo txakolin ekoizpena? Azken egunetan aritu gara ekoizpenaren kontaketa egiten, eta kalkulatu dugu iaz ekoitzitako kopuruaren %45 ekoitziko dugula aurten. Miloi bat eta berrehun mila botila inguru izango dira gutxi gorabehera. Iaz, berriz, hiru milioi botila ekoiztu genituen. Aurreko bi urteetan uzta oso handiak izan genituen eta asko ekoitzi genuen. Beraz, erreserbak baditugu upategietan. Uste dugu erreserbak eta aurtengo ekoizpena kontutan hartuta salmentei dagokionez urtea nahikoa txukun amaitu dezakegula. Krisi ekonomikoaren eraginez salmentak jaitsi egin al dira azken urteetan? Gaur egungo egoera ekonomikoa kontuan izanda, txakolinaren sektorea ez dago gaizki. Txakolin gehien saldutako urtean adina txakolin saldu da 2013an. Bestetik, mahasti gehiago dago orain, eta aurten uzta handia izan balitz agian arazoak izango genituzkeen ekoitzitako guztia saltzeko. Hala ere, Jainkoak nonbait bazekien zer eman, eta urte ona izatea espero dugu. Atzerrian ere gero eta ezagunagoa da txakolina. Hori onuragarria izango da sektorearentzat, ezta? Aitortu behar dugu gero eta gehiago saltzen dugula atzerrian ere. Dena dela, erronkak baditugu arlo horretan. Jatorri izendapena dugun upategi asko txikiak gara, eta guretzat ez da lan erraza izaten atzerrira esportatzea. Hala ere, salmentak gora doaz atzerrian, eta bide hori jorratu behar dugu. Euskal Herrian ez ezik, atzerrian ere txakolina gustatzen den seinalea da hori. Gustukoa dute txakolina, bai, baina gustatu edo ez gustatu guk joan behar dugu bertara gure produktua ezagutaraztera eta eskaintzera. Arlo hori hobetu behar dugu, txakolin ekoizleok oro har ez baikaude saltzera ohituta. Orain arte erosi egiten ziguten txakolina eta, orain, txakolina egiteaz gain, saltzen ikasi behar dugula iruditzen zait. Jatorri izendapenaren barruan gero eta upategi gehiago al zarete? Jose Inazio Manterola. Aurten ere bi upategi berri sartu dira jatorri izendapenera. Bata Alkizakoa da, eta bestea Oriokoa. Jadanik 29 upategik osatzen dugu jatorri izendapena. Txakolinaren Festa egingo duzue bihar Getarian. Dena prest al duzue dena? Bai, bi mila botila inguru prestatu ditugu festarako; nahi adina txakolin izango da, beraz. Urteroko egitaraua izango dugu San Anton Egunean. Meza nagusiarekin abiatuko dugu eguna; ondoren, txakolin berria aurkeztuko dugu, eta herritarrek txakolina eta pintxoak dastatzeko aukera izango dute. Sei euroren truke bost txakolin kopa hartzeko aukera egongo da. Urtero bezala, trikitilariek eta bertsolariek girotuko dute festa. Jendetza biltzen da jaian, eta aurten ere horrela izatea espero dugu. Nor izango da aurtengo Mahasti Jauna? Aurten Getariako Txakolin jatorri izendapenak Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia babestu du, eta bertako txapelduna omentzeko asmoa dugu; beraz, Amets Arzallus izango da aurtengo Mahasti Jauna. Zer hartzen duzue kontutan Mahasti Jauna aukeratzerakoan? Gehienbat ostalaritza sektoreko kideak omentzen ditugu, eta ez da lan erraza izaten aukeraketa egitea. Bat omenduz gero, bestea ere omendu egin behar baita. Asmatzea erraza izaten da, baina gainontzekoekin huts egitea ere bai. Aurten, bertsolari txapelketa izan denez, Arzallus omentzea ideia polita izan zitekeela iruditu zitzaigun. 1urolakosta.hitza.eus

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide