Zestoa eta Galesen arteko elkartrukea datozen hiru hilabetetan zehaztuko dute

Ane Olaizola 2014ko urtarrilaren 15a

Zestoa eta Galesen artean egitekoa diren elkartrukea zehazten joateko bigarren bilera egingo dute gaur; abenduko lehenengo hartu-emanaren ondotik, gaurkoan programa osatzeko asmoa dute, herritarrekin batera. 19:00etan izango da saioa, Zestoako kultur etxean. Bi herrialdeek «antzekotasun asko» dituztelakoan, programaren bidez kultura bakoitza ezagutu eta partekatzea da Roanna Larsenen asmoa. Zestoako Sastarrain Baserri Eskolan boluntariotza programa bat egiten ari da galestarra, eta haren bidez sortu da ekimena aurrera eramateko ideia. «Galeseko eta Euskal Herriko kulturak eta egoerak elkarrengandik ikastea da gure helburua», adierazi du Larsenek. Hasiera bateko asmoa da galestarrek Zestoa eta Zumaia ingurura bisitaldia egitea, baina erantzuna bi aldeetatik lortzea espero dute antolatzaileek, eta, hala izanez gero,  ondoren zestoarrak Galesera joango lirateke. «Herritarrek bisitariei hemengo kultura eta ohiturak ezagutaraztea nahiko genuke, baina jakin badakigu horretarako interes batek egon behar duela, eta hori jakiteko izango da gaurko bilera». Festak, kirolak, dantzak, musika, gastronomia eta beste hamaika gauza ezagutaraziko dituzte bisitetan, eta beraz, arlo horietan aritzen diren edonork hartu dezake parte elkartrukean. «Besteak beste, pilota partida batera, edo festak ezagutzera eraman ditzakegu bisitariak». Elkartrukea abuztuaren amaieran edo irailean egiteko asmoa dute, baina hori guztia taldean erabakiko dutela berretsi du Larsenek. «Herritarren erantzunik ez balego, ezingo genuke aurrera eraman proiektua», gaineratu du. Guztien artean joango dira proiektua osatzen, eta bisitaldiak Europar Batasunaren beka baten bidez egitea aurreikusten dute. Diru-laguntzak lortzeko martxoaren 17rako eskaerak egingo dituzte. «Hiru hilabete ditugu proiektu osoa zehazteko», dio. Jaioterriarekin lotura Munduko hainbat herrialdetan Gobernuz Kanpoko Erakundeekin boluntario gisa lan egindakoa da galestarra, eta egun Sastarrainen eskolak ematen ditu ingelesez. «Nire jaioterriarekin lotzeko modu polita eta aberasgarria iruditu zait elkatrukea egitea». Zestoako Udaleko arduradunei interesgarria iruditu eta bat egin dute sustatzeko bidean. Edozeinek hartu dezake parte egitasmoan, eta interesa dutenak hainbat modutara egin dezakete; gaurko bilerara joateaz gain, sastarrainCHAIN@gmail.com helbidera idatzita edo 662 495 680 telefonora deituta jarri daiteke harremanetan antolatzaileekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide