Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Batukada feminista, txapak nola egin, bertsolaritzari buruzko gogoeta feminista, ibilgailuetako oinarrizko mekanika eta umorea, barrea zein emozioak. Gai horiek landuko dituzte otsailetik aurrera Emakumeentzako Jabetze Eskolan, Zarautzen. Musikara gerturatu eta ongi pasatzeaz gain, beste emakumeekin batera talde lanean jarduteko, sormena lantzeko eta autoestimua igotzeko aukera izango dute batukada feminista tailerrean izena ematen dutenek. Musika tresnak ezagutu, talde dinamikak erabiliz eroso sentitu, beroketa eta gorputz espresioa landu, inprobisazioa eta gidaritza jorratu eta erritmoak ezagutu, ikasi eta praktikan jarriko dituzte horiek. Arantxa Vicedo musikari eta konposatzaileak gidatuko du ikastaroa euskaraz, Ainara Sarasketa perkusio- eta bateria-jolearekin batera. Bi orduko bost saio eskainiko dituzte horiek, ostegunetan hamabost egunean behin, otsailaren 31tik apirilaren 10era. Arratsaldez izango dira saioak, 19:00etatik 21:00etara, Etxezabalan. Hamar euro kostako du matrikulak.
Bertsolaritza: begirada feminista bat bertsoaren, hitzaren eta jendaurrekotasunaren inguruan jarduteko elkargune bat izango da. Helburua bertsoaren eta bertso sistemaren inguruko gogoeta egitea da, ikuspuntu feministatik, eta beste bertsolaritza eredu bat eraikitzea. Era berean, jdendaurrean jarduteko gorputzak duen garrantziaz jardungo dute parte-hartzaileek. Emakumeak eta umorea gaiari ere helduko diote, genero sistemak umorea egiteko sortzen dituen baldintzak ezagutu eta "emakumeak umore hartzaile izatetik, umore sortzaile izatera dagoen pausuaz" hausnartzeko. Ikastaroa teorikoa eta praktikoa izango da, eta partaideen arabera moldatuko dituzte biak uztartzeko bideak. Uxue Alberdi eta Ainhoa Agirreazaldegik emango dute, euskaraz. Bost orduko hiru saio izango dira, otsailaren 1ean, 8an eta 15ean, 09:30etik 14:30era Etxezabalan. 15 euro kostako du izena emateak. Aurrez, hilaren 27a ikastaroa aurkezteko solasaldia emango dute Alberdik eta Agirreazaldegik. Hori ere Etxezabalan izango da, 18:30ean.
Emakumearekin eta feminismoarekin lotutako zenbait gai lantzeko aukera emango du txapa tailerrak ere. Talde jakinduria feminista sortzea da horren helburua, partaideek hausnarketarako edukiak aukeratu eta gai berriak proposatuz. Metodologia alternatiboa proposatuko du bertan Nagore Iturriozek: txapak sortzeko irudien bidez proposatuko dituzte gaiak, eta horiek jorratzeak lan giro "atsegin eta lasaia" sortuko. "Solasaldia txapatik txapara mugitzen da, talde jakinduria feminista sortuz". Ordu eta erdiko bi saio egingo dituzte, otsailaren 7an eta 14ean, 18:00-19:00 bitartean Etxezabalan, euskaraz. 10 euro ordaindu beharko dira bertan parte hartzeko.
Nork bere autoan oinarrizko mantentze lanak egiten ikasteko helburuarekin antolatu dute ibilgailuetako oinarrizko mekanika ikastaroa. Autoen atalak, funtzioak eta mantentze lanetarako erremintak ezagutzeaz gain, gurpiletako zulaketa txikiak konpontzen; bolantea eta eserlekuak egokitzen; olio eta bestelako likidoen mailak kontrolatzen eta bateria aldatzen ikasi ahalko da tailer horretan, besteak beste. Oteitza lizeoko ordezkariek bideratuko dute eta erabat praktikoa izango da. Bi ordu eta erdiko sei saio izango dira guztira, martxoaren 4tik apirilaren 8ra, Abendaño 7.ean dagoen pabilioian 16:00etatik 18:30era. 15 euro kostako du matrikulak.
Norberarentzat denbora hartzeko eta elkarri entzuteko. Umore, barrea eta emozioak izeneko ikastaroan emozio biologiko zein kulturaren inguruan hausnartuko dute parte-hartzaileek, esprezio ariketak eginez komunikazioa eta irribarrea naturalki sor ditezen. Saio didaktikoak eskainiko ditu Virginia Imazek, gaztelaniaz, eta mugimendu fisiko zein emozionalak jorratuko dituzte, erlaxazio saioen bitartez. Hiru saio izango dira guztira, bakoitza lau orduakoa. Martxoaren 30ean eta apirilaren 6an zein 13an egingo dituzte, kiroldegian, 09:30-13:30 bitartean. 15 euroko kostua izango du.
Hilaren 31a arte
Interesa dutenek dagoeneko eman dezakete izena ikastaroetan. Orria bete eta Parekidetasun sailera eraman beharko da 08:00etatik 14:30era, posta arruntez (Zigordia 33, 1. solairua) bidali edota e-mailez (berdintasuna@zarautz.org). Ikastaroa egiteko gutxieneko parte-hartzaile kopurua beharrezkoa izango da. Parekidetasun sailak izena eman dutenei ikastaroa egingo dela jakinarazten dienean ordaindu beharko da matrikula. Ordainagiria saileara eraman beharko dute horiek, edota posta arruntez zein e-mailez bidali. Hilaren 31a baino lehen egin beharko da hori.