Olaia Sainz Garmendia: "Lana bilatzeko modu eta sistemak aldatuz doaz"

Urola Kostako Hitza 2014ko urtarrilaren 15a

Udal elkarteko enplegu orientatzaile Olaia Sainz Garmendiak (Ordizia, 1978) lana bilatzeko ikastaroen xehetasunak eman dizkio HITZAri. Langabeentzat garrantzitsua al da ikastaroak egin eta formatzea? Lan eskaintza gutxi badaude norberaren curriculuma eta ezagupenak areagotu behar dira, eta horretarako ezinbestekoa da prestakuntza. Dena dela, zein ikastaro egin edo zer nolako prestakuntza jaso aukeratzerako orduan oso garrantzitsua da aurretik helburu profesionala finkatuta izatea. Urtean zehar egingo ditugun ikastaroen helburua lan bila dabilenari lana bilatzen lagunduko dioten baliabide eta tresnak ematea da. Lana bilatzen ikasteko ikastaroek zer eskaintzen dute? Lan merkatua aldatzen doan heinean, lana bilatzeko moduak eta sistemak ere aldatzen doaz. Horien berri jakitea garrantzitsua da zaharkituta dauden ohiturak nolabait atzean uzteko. Baliagarriak izaten al dira ikastaroak herritarrentzat? Guk ikastaroak prestatzen ditugu herritarren eskaeretan oinarrituta eta enpresetan ikusten ditugun beharrak kontuan hartuta. Esperientziak erakutsi digu ikastaro hauen onurak handiak izaten direla. Gainera, gure metodologian pertsonalizazioari garrantzia ematen diogu. Jarrera baikorra izatea garrantzitsua al da? Enpresek gero eta garrantzia handiagoa ematen diote jarrerari. Baikorra izateaz gain, ekintzailea izatea, autokonfiantza izatea, komunikatzen argia izatea, malgua izatea eta antzerako gaitasunak izatearen eskaera handitzen ari da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide