Emakumeak korrika egitera animatuko ditu, berriro, Azpeitiko Udalak

Urola Kostako Hitza 2014ko urtarrilaren 15a

Azpeitiko Udaleko Kirol Sailak zortzigarren urtez jarraian abian jarri du emakumeei lasterka egitera animatzeko programa. Zuk ere ahal duzu! ekimenaren bitartez, sei astean zehar korrika egiteko hitzorduak eginez, kirola egitearen onurak eta abantailak edozein adinetako emakumeei ezagutaraztea da helburua. Bi taldetan antolatuta Korrika egindakoek nahiz inoiz egin gabeek, baina osasun egoera egokian dauden emakumeek hartu ahal izango dute parte; ez, ordea, aurreko urteetan programa honetan parte hartu dutenek. Bi txandatan antolatuko dira taldeak; goizekoa 10:00etatik 11:15era izango da, astelehen eta ostegunetan kiroldegian. Arratsaldeko taldea, berriz, Igerilekuan elkartuko da astelehen eta ostegunetan, 18:15etik 19:30era korrika egiteko. Saio guztiak monitoreek gidatuak izango dira, korrikan hastera doazenek behar duten laguntza jaso dezaten. Bihar egingo dituzte informazio bilerak. Goizeko taldean aritu nahi duenarentzat 10:00etan izango da Kiroldegian, eta 18:15ean Igerilekuan arratsaldeko taldekoentzat. Saioak, berriz, urtarrilaren 23an, asteazkenean, hasiko dira. Izena ematea 10 euro kostako da eta Igerilekuan, 943-150095 telefonora deituta edo kirolak@azpeitia.net helbidera idatzita eman daiteke. Egitasmo honen bitartez, lasterka egitearen onurak nabarmendu nahi ditu Azpeitiko Udalak, bai onura fisikoak, bai osasun arlokoak. Korrika egiteak «pentsamendu baikorra eta autoestimua suspertzen ditu» antolatzaileen ustez. Gainera, taldean aritzeak «atsegina eta dibertigarria izateaz gain, erantsitako giza-baloreak eskaintzen ditu: adiskidetasuna, babesa, segurtasuna eta motibazioa», adierazi dute udaleko arduradunek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide