Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Herritarrek egindako 131 proposamen jaso ditu guztira Orioko Udalak Hirigintza, Ingurumena, Obrak eta zerbitzuak, Kultura, Euskara eta Gizarte Zerbitzuen arloetan. «Proposamen guztiak ez dira 2014 urtean egiteko modukoak, baina guztiak dira interesgarriak eta kontutan hartzekoak», azaldu dute Orioko Udaletik. Beraz, Udal Gobernuak «kontuan» hartuko ditu oriotarren ekarpenak 2014ko aurrekontuaren proposamena lantzerako orduan.
Ondoren, parte-hartze prozesuaren bigarren atalean, herritarrei aurkeztuko die 2014ko aurrekontuaren proposamena.
Azken urteetan herritarren parte-hartzea sustatu nahi izan du udalak hainbat arlotan; ildo horretatik, oriotarren iritzia ere ezagutu eta jaso nahi izan du udaleko aurrekontuak osatzerako orduan. Azken bi urteetan, esaterako, aurrekontua osatzeko momentuan auzokako bilerak eta gaikako bilerak deitu ditu, oriotarren iritzi eta proposamenak jasotzeko. Aurtengoan urrats bat aurrera eman nahi izan dute udal gobernuko ordezkariek eta 2014ko aurrekontu parte-hartzailea osatzeko eskuorria bidali dute herriko etxebizitza guztietara herritarren proposamen eta iradokizunak jasotzeko.
HERRITARREK EGINDAKO PROPOSAMEN BATZUK:
- Herriko sarrera-irteera arazoari irtenbidea eman.
- Aparkaleku falta dagoenez herrian, aparkaleku eremu urdina murriztu.
- Anibarko Portuko bideko eta hondartza aldeko argiteria arazoak konpondu.
- Goiko Kaletik autoak pasatzeak dakartzan arazoak konpondu.
- Orioko antolamendua oinezkoentzat egokitu.
- Haur parkeak egokitu.
- Euskara lehenetsi.
- Turismo jasangarria sustatu.
- Gaikako bilketa bermatu.
- Kutsadura akustikoa gutxitu herrian.
- Euskara ikastaroak doan izatea.
- Bertakoen eta etorkinen beharrak asetzeko programak garatu.
- Kiroldegia konpondu eta garbitasuna hobetu.
- Arraunaz gain, gainontzeko kirolak ere babestu.