«Nire pertsonaiak gizonezko bikotekidea du, baina esperientzia berriak ezagutu nahi ditu, eta orain emakumezkoekin probatu nahi du». Hitz gutxitan, baina argi eta garbi laburbildu du Mikel Losada aktoreak (Ermua, 1979)
Terapiak antzezlanaren muina. Antzezlaneko protagonista nagusiak Oscar eta Pruden dira, bakardadetik ihesi dabiltzan 30 eta 40 urte bitarteko bi lagun. Internet bidez ezagutuko dute elkar, baina bakoitzaren egoera animikoa nahikoa aldrebesa da. Psikoanalistekin dabiltza biak. Hori horrela, elkarrekin erlazio bat hastea beren terapientzat mesedegarria zaien ala ez jarriko dute ezbaian. Abiapuntu hori du Vaiven eta La Pavana antzerki konpainiek Aita Mari antzokian taularatuko duten antzezlanak; saioa etzi izango da, 22:00etatik aurrera.
Beren identitatearen bila dabiltza antzezlaneko bi pertsonaia nagusiak. «Galduta daude bizitzan, eta suspertuko dituen gauza berri bat nahi dute. Horren bila dabiltza», aditzera eman du Losadak. Bistakoa denez, aktore bizkaitarrak antzeztuko du Oscar, eta Pruden, bien bitartean, Dorleta Urretabizkaiak hezur-mamituko du. «Oscar oso gizon librea da, modernoa. Ez du inolako loturarik, eta ez du monotonian bizi nahi. Monotoniak aspertu egiten du, eta aspertzen denean, ez da ongi sentitzen». Aitzitik, Prudenek ez du zerikusirik Oscarrekin. «Bakardadean bizi da, segurtasun eta autoestimu gutxirekin».
Hasiera traketsa
Bi lagunek bat egingo dute kontakizunean, nahiz eta hasieran ez diren ongi konpondu. «Oscar oso traketsa eta baldarra da kontu horietarako. Lehen enkontrua ona ez bada ere, elkarrekin ongi konpontzen bukatuko dute. Harremanaren erdian, ordea, Oscarren mutil-laguna agertuko da, baita Prudenen psikoanalista ere. Bi horiek harreman hasiberria zailduko dute. Istorioak bukaera irekia izango du».
Pertsonaien erabakiak euren psikoanalistek gidatuko dituzte hasiera batean: Oscarren terapeutak begi onez ikusten du erlazioa, Prudenenak, aldiz, ez; batez ere, beretaz maiteminduta dagoelako. Nolanahi ere, egoera aldatuz joango da pixkanaka-pixkanaka. «Tramak aurrera egin ahala, psikoanalistekin nazkatuta daudela eta ez dietela gehiago kasurik egingo aitortzen dute bi pertsonaiek». Amodiozko istorio bat da, azken finean. «Halako gaiak ez dira sekula modaz pasatzen, bikote baten erlazioan beti gauza berak edo antzekoak gertatzen badira ere», dio aktoreak. «Urteek aurrera egin badute ere, gauzak errepikatu egiten dira. Pentsa ezazu, Shakespearek berak jada jorratzen zituen».
Psikoanalistak, terapeutak, terapiak... Woody Allen zinemagile entzutetsuaren film bateko gidoia dirudi. Parekotasun handiak ditu. Christopher Durang antzerkigile estatubatuarraren antzezlanaren egokitzapena da honakoa, eta «Allen-en umore ildo horretatik gertu» dagoela baieztatu du Losadak. Euskarazko bertsioa Ainara Ortegak landu du, eta Rafaek Calatayuden zuzendaritzapean dator.
Jatorrizko lana 1981ean estreinatu zuten AEBetan, eta garai hartan arrakasta itzela lortu zuen. Hiru hamarkada geroago, Vaiven eta La Pavana antzerki taldeek antzezlana berreskuratu eta bere egin dute, antzokiz antzoki taularatzeko. Iazko Donostiako DFeria egitasmoan estreinatu zuten, eta, harrezkero, Euskal Herrian barna eta kanpo ibili dira.