Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aita Mari aretoko antzerki eta musika programazioaz gozatzeko bazkidetza kanpaina abiatu du Zumaiako Udaleko Kultura Sailak. Bi bazkidetza aukera proposatu dituzte. Alde batetik, hamairu urtetik beherakoentzat Txiki Txartela eta, bestetik, hortik gorakoentzat Aita Mari Lagun Txartela.
Bazkideek euren zenbakiarekin zintzilikario bat jasoko dute, eta sarrerak erosterakoan deskontu bat izango dute. Esaterako, ostiralean emango duten Terapiak antzezlaneko sarrerak 9 euro balio ditu eta, bazkide txartelarekin, 6 euro kostako da. Bazkideek ekitaldirako sarrera ziurtatuta izango dute, baina sarrerak aldez aurretik erosi beharko dituzte; astean zehar Turismo Bulegoan eta egunean bertan, leihatilan. Ikuskizuna hasi baino 10 minutu lehenagora arte gordeko dituzte sarrerak. Denbora hori pasata, salgai jarriko dituzte.
Horretaz gain, bazkideek programazioaren xehetasun guztiak ere jasoko dituzte etxean.
Aita Mari antzokiko bazkide egin nahi duten herritarrek informazio gehiago eskuratu edo ekimenean izena eman nahi badute, Alondegia kultur etxean bertan edo 943-861056 telefono zenbakira hots eginda izango dute horretarako aukera.