Duela lau urte Zarautzen itota agertu zen haurraren kasuaz arduratu diren ertzainek haren hilotza «zapatarik gabe» aurkitu zutela deklaratu dute, eta galtzerdiak «garbi» zituela: «Akusatuak esan bezala, hura lo zegoen bitartean haurrak alde egin bazuen, orbanen bat edo beste izan beharko luke galtzerdietan». Alabaren oinetakoak gizonezkoaren gauzen artean aurkitu zituztela gaineratu dute. Hori dela eta, akusatuak haurra «zuzenean itsasora bota» zuela uste dute poliziek. Gaur deklaratu dute ertzainek Gipuzkoako Auzitegi Nagusian, Donostian.
Horiez gain, biktimaren amak ere hartu du hitza epaiketako hirugarren saio horretan. Haurrak «iluntasunari beldurra» ziola eta ondorioz «hondartzara bakarrik ezingo zuela jaitsi» deklaratu du gaur haren amak. «Jakin arte ezin nuen sinetsi alaba hiltzeko gai zenik. Mendekuz egin zuen, niri mina emateagatik».
Behin baino gehiagotan salatu du emakumeak bikotekide ohiaren partetik tratu txarra jaso izana. Elkarrekin bizi zirenean hark zein seme-alabek «irainak eta heriotz mehatxuak etengabe» jasan zituztela aitortu du. Hain zuzen, ezbeharra gertatu baino bi egun lehenago auzipetuak «mehatxatu» egin zuela gogoratu du emakumeak, eta alaba harekin eramango zuela esan.
Horrez gain, bikotekide ohiaren familiaren aldetik presioak jaso dituela salatu du: «Baina, nik ez dut alabaren hilketaren konplize izan nahi».
Herri akusazioak eta Gipuzkoako Fiskaltzak 23 urte eta erdiko kartzela eskatu dute 44 urteko gizonezkoarentzat. Hilketaz gain, haren bikotekide ohiari heriotz mehatxuak egiteagatik dago auzipetuta. Defentsako abokatuak eskizofrenia paranoidea duela argudiatuta, absoluzioa eskatu du akusatuarentzat.
Fiskalak, ordea, ezbeharra gertatu zen gauean ez zuela «pasarte eskizofrenikorik» izan eta herri akusazioko abokatuak auzipetua «edanda» bazegoen ere, ez zituela «ahalmen guztiak deuseztatuta» gaineratu zuen. Akusatuak aitortu zuen alkohola edan zuela, eta alaba haur kotxean uhalarekin lotu ez izana izan zela bere «akats bakarra». «Mozkorregi nengoen». Errugabea dela dio.