Aitor Olea: "Orioko organoa hasieratik gustatu zitzaidan, hori izan zen lehen sentipena"

Urola Kostako Hitza 2014ko urtarrilaren 14a

Gaztetan organoaren munduan murgildu zen Aitor Olea (Durango, 1969) arrasatearra, organoaren xarmak harrapatuta. Baionan goi mailako organo ikasketak egin ostean, Euskal Herriko organo ugari jo izan ditu, eta orain Orioko Bariko Nikolas Deunaren parrokiako organoaren doinuak bildu ditu disko batean. Beste musika tresnek ez duten zein berezitasun du organoak? Alde batetik, organoan edozer gauza jo daiteke modu autonomo batean, eskuekin eta hankekin esparru melodiko osoa jorratu baitaiteke. Orkestra edo talde handi baten antza du. Aldi berean, indar handia eta tinbre goxoak uztartzen dituen musika-tresna da. Bestetik, organo-jotzailea nahiz entzulea besarkatzen duen musika tresna da. Gustatu edo ez, organoak sentipen ugari sortzen ditu. Horretaz gain, doinuaz gain, organoaren itxura ere ikusgarria da. Tutu oihan ikaragarria du; tutu txikiek doinu zorrotzak sortzen dituzte eta, tutu handiek, berriz, doinu grabeak. Berezitasun guzti horiek biltzeko aukera ematen du organoak, eta soinuak elkartuz doinu zirraragarriak sortzen dira. Oriokoa organo berria da. Zein berezitasun ditu? Orioko organoak ia 3.000 tutu ditu, eta horietatik 600 aurreko organoarenak dira. Organoari nortasun foniko berezia eman liezaioketen tutuak aukeratu dituzte. Musika tresna pedagogikoa ere bada, eta bere funtzionamendu guztia ikus daiteke barrutik. Horretaz gain, itxura bera ere ikusgarria du. Ez da estatikoa, bere formek uhinak edo itsasontziak gogorarazten dituzte, eta horrek dinamikotasuna ematen dio organoari. Organoa jotzerakoan, berriz, beste organoek ez duten baliabiderik ez du eskaintzen. Lau esparru armoniko-melodiko ditu, eta Euskal Herrian mota horretako organoak baditugu. Kontuak kontu, organo-jotzailea organoari begira esertzen den organo askorik ez dago. Horrek organoa guztiz mekanikoa izatea ahalbidetzen du, gainera. Jotzerakoan ukimena oso hautemangarria da, eta horrek organo-jotzaileari interpretatzerakoan erraztasunak ematen dizkio. Zer sentipen izan zenituen Orioko organo berria lehen aldiz jo zenuenean? Ume gozozale batek goxoki denda batean sartu eta goxoki berri bat probatzen duenean sentitzen duen irrika bera sentitu nuen nik Orioko organo berria jo nuenean. Egin nuen lehen gauza organoa probatzea izan zen, atal desberdinak aztertu eta nolakoa zen ikusi. Oso sentipen primarioa izaten da musika tresna baten ezagutza; gustatu daiteke, edo ez. Niri hasieratik gustatu zitzaidan, hori izan zen nire lehen sentipena. Musika tresnan murgildu nintzenean konturatu nintzen ez nintzela arrotz sentitzen bertan. Organoa berria izateak eraginik ba al du bere definizioan? Edozein musika-tresnak ingurura moldatu behar du. Tenperatura aldaketak, hezetasuna edo denborak berezitasunak emango dizkio doinuari, musika tresna aberastuko dute. Ardoak jasaten duen bilakaerarekin konparatu daiteke organo batek izaten duen bilakaera. Ardoa gaztea denean gustagarria izan daiteke, baina ardo hori upelean hainbat urtez uzten badugu, hainbat ñabardura hartuko du, eta horiek ardo hori berezi egingo dute. Gauza bera gertatzen da organoekin ere.  Musika tresnak ez ditugu edaten, baina entzun eta geureganatu egiten ditugu. Niri hemendik hamar urtera Orioko organoa berriz jotzea gustatuko litzaidake, hamarkada batean izan duen bilakaera hori sentitzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide