Juan Rekarte produktorea eta Aitor Olea organo-jotzaileak Orioko organo berriaren doinuak biltzen dituen diskoa egiten ari dira
Duela hemezortzi urte inguru abiatu zuen Ausart Records argitaletxeak Euskal Herriko organoen doinuak biltzen dituen bilduma. Aitor Olea organo-jotzaileak Euskal Herriko 43 organo esanguratsuren zerrenda egin zuen, eta pixkanaka horien doinuak biltzen ari da Aian bizi den Juan Rekarte ekoizlea. «Hasierako zerrenda horri sei-zazpi organo berri gehitu dizkiogu. Iruñako organo berria, Bilbokoa eta Euskalduna Jauregikoa, besteak beste».
Egun Orioko Bariko Nikolas Deunaren parrokiko organo berrriaren kantu bilduma sortzeko proiektua dute esku artean Rekartek eta Oleak. Bildumako hamalaugarren lana izango da, hain zuzen ere; 2013ko abenduaren 27an eta 2014ko urtarrilaren 7an grabatu zituzten abestiak, eta datozen asteetan ekoizpen lana izango dute aurretik.
Proiektuan murgilduta
Europako organo errepertorio klasikoko konposatzaileen lanak eta euskal abesti liturgikoak bilduko ditu martxoan argitaratzea espero duten lanak. «Kantu bilduma osatua eta polita izango da. Bi atal bereizi izango ditu, eta horiek biak monje frantziar batek sortutako
Noel Basque Eguberri kantarekin uztartuko ditugu», azaldu du Juan Rekarte ekoizleak.
Rekarte eta Olea gustura eta ilusioz daude proiektu berriarekin. Orioko organo berria abenduan inauguratu zuten, eta bertako doinuak jasotzeko proiektua ere berria da eurentzat. «Organoa eraikitzen ari ziren uda garaian, eta orduan bururatu zitzaigun diskoa grabatzearen ideia. Baina mota horretako proiektua abiatzeko organo-jotzaile batek abesti bilduma seriotasunez jorratzeko konpromisoa hartu behar izaten du». Olea horretarako prest agertu zen; organoa amaitu arte itxaron zuten, eta orain proiektuan murgilduta daude. Produkzio lana dute orain aurretik. «Erabakiak hartzea» eskatzen duen garaia da hau. «Musikaz gain, beste hainbat xehetasun ere kontutan hartu behar dira». Rekarteren esanetan, azken urteetan CD arloan «aldaketa handiak» eman dira, eta berrikuntza ezinbestekoa izaten da formatoari dagokionez. «Disko berritzailea egiten saiatuko gara».