Zaletasunez sorturiko artelanak

Aritz Mutiozabal 2014ko urtarrilaren 14a

Angel Hurtado (Nerea Uranga). Angel Hurtado Murillo eskulturgile azpeitiarrak Hobby-a arte bihurtuta erakusketa ireki berri du Betharram aretoan; zehazki, ostiral arratsaldean inauguratu zuen. Izenburuarekin argi eta garbi adierazten duenez, pauso bat haratago eraman du bere zaletasuna, eta hori berrestera dator erakusketa berria. Hiru hamarkada baino gehiago daramatza egurra zizelkatzen eta buz­­tinari bizia ematen; hau da, materiari forma ematen. Orain, bilakaera horren lagin adierazgarria jaso du erakusketarako. «Ni tailuarekin hasi nintzen», hastapenak gogora ekarri ditu. «Azpeitiko Muebles Fernando Olaizola lantegian egiten nuen lan, eta bertako nagu­siare­kin  –Fernando Olaizolarekin, alegia– hartu-eman handia nuen. Bera tailuak eta buztinezko bustoak egiten aritzen zen, eta hari ikusita, zaletasuna piztu zitzaidan». Olaizolarekin ikasi zuen, hark egiten zuenari erreparatuz eta lagunduz. Denbora aurrera joan ahala, bere kabuz ekin zion artelanak egiteari. Soldaduskatik bueltan, 1980ko hamarkadan, heldu zion adarretatik eskulturgintzari. Sasoi hartan, Azpeitiko Arte eta Diseinu eskolan ere ibili zen pare bat urtez, tailuan trebatzen. Hasieran joera nahiz molde  klasikoagoko lanak egiten zituen, baina gaur egun ikuspegi modernoago batetik sortzen ditu. Garapen kontuak, azken finean. «Bizitzan aurrera zoazen bezala, lantzen duzun hori ere aldatzen joaten da», aditzera eman du Hurtadok. Erakusketa berrian tamaina ertaineko eskulturak paratu ditu: behe erliebeak, bustoak, pieza abstraktuak eta pieza figuratiboak; baita abstraktuaren eta figuratiboaren erdibideko piezak ere. Egilearen ibilbidea laburbiltzen duten 20 artelan dira; erdia egurrean egina, beste erdia buztinean. Tailuan egindakorik ere jaso du, hasierako garaiak gogora ekartze aldera. Hobby-a arte bihurtuta erakusketa urtarrilaren 22a bitartean bisitatu ahal izango da. Betharram aretoaren ordutegia honako hau da: astelehenetik ostiralera, 18:00­etatik 20:00etara; asteburuetan eta jaiegunetan, berriz, 12:00etatik 14:00etara. Azpeitia eta Zumaia artean Jaiotzez Extremadurakoa da Angel Hurtado, Serena bailarakoa, baina sei urterekin Azpeitira etorri zen bizitzera. «Sansebastianetan izan zen, danborrada egunean. Niretzat festa handia izan zen hura, halakorik ikusi gabe bainengoen ordura arte», oroitzen du. Herrian eta herritarren artean berehala txertatu zela dio. «Garai hartan ez zegoen euskara ikasteko egun dauden aukerak, baina berehala ikasi nuen koadrila giroan». Gerora, Zumaiara ezkondu zen, eta harrezkero bertan bizi da. Zumaiar-azpeitiarra da, nolabait esateko. Edozein tokitara moldatzen inolako arazorik izan ez arren, bere burua gehiago du azpeitiartzat. Hala eta guztiz ere, San Telmo ermitaranzko bidean du bere sormen txokoa, Zumaian. «Beti lanean aritu naiz, baina lantokitik kanpo, 18:30etik aurrera, eta asteburuetan, aisialdiko denbora eskulturgintzari eskaintzen diot». Inspirazioa ekinean ari dela etortzen zaio. Egurrarekin lanean hasten denean, zura kolpatzen hasten da lehendabizi, eta geruzak kentzen joan ahala, forma ematen joaten zaio eskultura izango denari. Modu instintibo samarrean, nolabait esateko. Buztinarekin ere antzerako dinamika darabil: jarri, kendu eta sakonerak eginez, hain justu ere. Zabaldu berri duena bere ibilbideko bosgarren erakusketa du; aurrekoa 2008an egin zuen Zumaiako Alondegian. Bere lanak Betharram aretoan erakusgai jartzeko aukera baliatu, eta orain estreinakoz herrian erakutsi ditu. Aurretik, Arte eta Diseinu eskolak Antxieta jauregian eginiko erakusketa kolektiboan parte hartu zuen, 1980ko hamarkada hasieran, baina oraingo erakustaldia bestelakoa du: bakarkako lehena herrian. Ekoizten dituen artelanek eta eskulturek harrera ona izaten dutela nabarmendu du Hurtadok. «Oro har, jendeari gustatzen zaio egiten dudana. Niri halaxe esan didate beti, baina pentsatzen dut denetariko iritziak egongo direla». Ikuslearen iritzia kontuan hartzen saiatzen da, gainera. «Jendeak esaten dizun hori entzun egin behar da, denen ekarpenei esker ikasten baita. Batzuk adituak balira bezala etortzen zaizkit, baina norbere gustuko zerbait eginez gero, hori da benetan balio duena».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide