Urola Erdiko Mankomunitateak lehiaketa antolatu du, birziklapena sustatzeko

Ane Olaizola 2014ko urt. 14a, 08:28

2014. urtearekin bat, birziklapena areagotzeko kanpaina jarri du martxan Urola Erdiko Zerbitzu Mankomunitateak, eta ingurumena zaintzeko helburuarekin, bailaran sentsibilizazio egitasmoak bultzatuko dituela iragarri du. Horietako bat da Birziklatu kanpaina; Ecoembes eta Ecovidrio erakundeen laguntzarekin jarri du martxan mankomunitateak egitasmoa, eta Azkoitia, Azpeitia, Aizarnazabal, Beizama, Bidegoian, Errezil eta Zestoako zebrabideak margotu dituzte, hondakinak sailkatu behar diren edukiontzien koloreekin. Kanpainaren barruan, gainera, ideia lehiaketa antolatu dute. Birzikltze tasak handitzeko herritarren ideiak jasoko ditu erakundeak. Etxez etxe bidaliko dute horren inguruko informazio osoa, eta parte hartzen dutenek birziklapenarekin lotutako iradokizunak eta proposamenak helarazi ahal izango dituzte. Mankomunitatea osatzen duten herrietako biztanleek —Azkoitia, Azpeitia, Aizarnazabal, Beizama,  Bidegoian, Errezil eta Zestoa— har dezakete parte lehiaketan, eta urtarrilaren 31ra bitartean eman daiteke izena horretarako. Ideien orriak norberaren herriko udaletxean utzi behar dira, izen-abizenekin eta telefono zenbakiarekin. Hiru sari Hiru sari banatuko dituzte guztira: nekazaritza turismo batean bi pertsonentzako bi asteburupasa, eta spa zirkuitu baterako bi sarrera. Epaimahaia, berriz, Urola Erdiko Zerbitzu Mankomunitateko eta udal bakoitzeko Ingurumen teknikariek osatuko dute. Antolatzaileek herritarrak animatu dituzte lehiaketan parte hartzera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide