Mobilizazio astea iragarri dute TSko beharginek

Zestoako Hitza 2014ko urtarrilaren 13a

TS Fundicioneseko zuzendaritzak egindako azken proposamenaren aurrean protesta egiteko mobilizazio astea iragarri dute langileek. Bihar asanblada egingo dute 11:00etan lantegi parean, eta ondoren kotxe karabana egingo dute Zestoara, Zumaiara eta Itziarrera. Aste osoan zehar, bestalde, inguruko herrietako herritar eta erakundeen atxikimendu bila ariko dira eta larunbatean, hilak 18, manifestazio zabala deitu dute, Zestoan, egurediko 12:00etan. «Inoizko handiena egin nahiko genuke», diote langileek. Joan den astean eman zien zuzendaritzak bere asmoen berri: Zestoako eta Arroako berrogeita hamar langile kaleratzea eta aldi batez— gehienez urtebetez— 48 langileri kontratua etetea. Proposamenak aurrera egingo balu, gainera, gainontzeko beharginek urtean 100 ordu gehiago lan egin eta %25 gutxiago irabaziko lukete. «Orain arteko proposamenik gogorrena» dela iritzita, erabaki dute mobilizazio asteari ekitea. «Aurkezpen adeitsua» Bien bitartean, aurrera darrai TSko hartzekodunen konkurtsoak. Gaur goizean konkurtso administratzailearekin bildu dira langileen ordezkari sindikalak. LAB eta ELAko bina ordezkari eta UGTko bat elkartu dira harekin. Ordezkariek adierazi dutenez, «aurkezpen adeitsua izan da; oso modu koherentean hitz egin du eta poza eman digu TS esistitzen zenik ere ez zekiela entzuteak, guztiz inpartzial jokatuko duela esan digu», adierazi dute, «konfiantza eman digu». TSko langileek aspalditik salatzen duten lan desbideratzea eta enpresako ondasunen bidegegabeko jabetzerik izan den aztertuko du, besteak beste, administratzaile konkurtsalak; horretarako, bi hilabete inguru beharko dituela esan du hark. Langileek osatu dute, bestalde, zuzendaritzak negoziazioterako eskatutako hamairu laguneko langile batzordea. Deialdirik oraindik ez dagoen arren, LABeko eta ELAko seina ordezkari eta UGTko bat izango dira zuzendaritza eta langileen arteko hurrengo bileretan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide