Malekoian pasatu zutela gaua deklaratu du Zarautzen hilda agertu zen haurraren aitak

Urola Kostako Hitza 2014ko urtarrilaren 13a

2010eko urriaren 7an gertatu zen ustezko hilketa. Ertzaintzak hemezortzi hilabeteko neskatila bat aurkitu zuen itsasoan, Zarauzko moilatik gertu, itota. Aitak berak eman zion poliziari desagerpenaren berri. Haren esanetan, Montetxio parkean igaro zuten gaua aita-alabek eta, gizonezkoa, esnatzean, alaba falta zela ohartu zen.  Orain, ordea, deklarazioa aldatu du ustezko hiltzaileak.Gaurko saioan hark eta alabak malekoian egin zutela lo deklaratu du. 09:30ean hasi deklaratzen eta alaba itsasora bota izana ezeztatu du 44 urteko gizonezkoak. Herri akusazioak eta Gipuzkoako Fiskaltzak 23 urte eta erdiko kartzela eskatu dute 44 urteko gizonezkoarentzat. Hilketaz gain, haren bikotekide ohiari heriotz mehatxuak egiteagatik dago auzipetuta. Defentsak, berriz, haren absoluzioa eskatu du, eskizofrenia duela argudiatuta. Ostiralean hasi zuten epaiketa, eta herri epaimahaia aukeratzeaz gain—hiru gizonezkok eta sei emakumezkok epaituko dute—, hiru aldeek alegazioak aurkeztu zituzten. Fiskalak gizonezkoa «nahiz eta eskizofrenikoa den» ezbeharra jazo zen unean ez zuela «pasarte eskizofrenikorik" izan adierazi zuen. Herri akusazioako abokatuak auzipetuak egun horretan «edanda» bazegoen ere, ez zituela «ahalmenak guztiz deuseztatuta» esan zuen. Defentsako abokatuak, berriz, gizonezkoa lo zegoela neskatila jaiki egin zela adierazi zuen, eta gizonezkoa esnatu zenerako «desagertu egin» zela. Hark alaba itsasora bota izanaren probarik ez dagoela gaineratu zuen, eta gaur hartan alkohola eta estupefazienteak kontsumitzen jardun zuela bere bezeroak. Akusatuak eskizofrenia paranoidea duela argudiatuta, absoluzioa eskatu du harentzat defentsak. Bihar izango da epaiketako hirugarren saioa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide