Daniel Txopitea artistaren omenez sortu zuen iaz Zarauzko Udalak beka.
Zarauzko Udaleko Kultura sailak abian jarri du Daniel Txopitea beka bigarren urtez . Beka horrek marrazketa, pintura, eskultura, argazkigintza, zinema, bideoa, diseinu grafikoa, moda diseinua, artisautza eta bestelako diziplina artistikoen bitartez ideia bat garatzeko aukera emango dio sortzaileari, aldi batean.
Interesa dutenek urtarrilaren 31a arteko epea izango dute egitasmoak aurkezteko. Sortzaileak bakarka edo taldean—kasu horretan pertsona batek aurkeztu beharko du ordezkari gisa— eskatu dezake beka eta derrigor adinez nagusi izan beharko dute; hori egiaztatzeko agiriren bat erakutsi beharko da.
Horrez gain, bestelako dokumentazioa ere aurkeztu beharko dute parte-hartzaileek: jardueraren memoria—zer jarduera burutuko diren eta zer emaitza lortuko den zehaztuta—, izandako gastu eta inbertsioen zerrenda, diruz lagundutako jarduera finantzatu duten bestela diru sarreren xehetasunak, curriculum vitae-ak, proiektuaren azalpen txostena, argazki dossierra, aurrekontua eta errolda ere aurkeztu beharko dira, bestekak beste.
Zarauzko Udalaren Sortaldea kultura eremuan gunea izango du bekadunak bere lana sortu eta erakusteko aukera eta 3.000 euroko dirusaria eskuratuko du hori egin ahal izateko.
Gutxienez hiru hilabete
Epaimahaikideek proiektuaren interesgarritasuna, kalitatea eta orijinaltasuna baloratuko dute, eta baita gai desberdinak biltzea, eskatzaileak Zarauzko ikus-arteei egiten dion ekarpena, eskatzailearen gaztetasuna, Zarautzen erroldatuta dagoen ala ez, euskararen erabilera lehenetsi izana eta genero parekidetasunari modu positiboan eragiten dion ala ez, beseak beste.
Arte sorkuntzan profesionalak diren hiru lagunek eta Zarauzko Udaleko Kultura saileko ordezkari batek osatuko dute epaimahai hori.
Beka irabazten dutenek gutxienez hiru hilabeteko epea izango dute aurkeztutako proiektua Sortaldea kultur eremuan burutzeko, eta gehienez sei hilabetez luzatu ahalko dira.
1zarautz.hitza.eus