Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Guardia Zibilak Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren bitartekaritzaren kontra herenegun egin zuen polizia operazioa salatu dute dozenaka herritarrek eskualdean. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epailearen aginduz, Guardia Zibilak zortzi lagun atzeman zituen asteazkenean, eta sarekada egin bezain pronto izan ziren mobilizazioak hainbat herritan.
Zestoan, esaterako, elkarretaratzea egin zuten plazan, eta Zumaian manifestazioa egin zuten 80 lagun inguruk; Azpeitian, berriz, herri asanblada izan zuten, eta gaur elkarretaratzea egingo dute, 19:00etan, plazan. Zarautzen ere egin dituzte protestak, eta gaur manifestazioa egingo dute, 20:00etan.
Tantaz Tanta mugimenduak preso eta iheslarien eskubideen alde biharko prestatu duen mobilizazioen atarian izan da polizia operazioa, eta, horren aurrean, Zumaiako Sortuk, Ernaik eta LABek herritarrei dei egin diete Bilboko mobilizazioetan parte har dezaten. Ohar bidez gogor salatu dute operazioa, eta Espainiako estatuak «benetako aurpegia» erakutsi duela ohartarazi dute.
EPPK-k duela egun batzuk egindako adierazpenaren eta preso ohiek hari emandako babesaren ondotik izan dira atxiloketak, eta honen gaineko hausnarketa egin dute: «Espainiako estatuak ezker abertzaleak konponbideari begira emandako urrats bakoitzari bortxaz eta ukazioz erantzuten dio. Eta honela egingo du etorkizunean ere». Dena den, azpimarratu dute ezker abertzaleak «urratsak» ematen jarraituko duela, «euskal herritarrei zein nazioarteari begira». «Horrela, Espainiako estatuak gaurkoa [herenegunekoa] bezalako jokabideekin jarraituta, gero eta sinesgarritasun gutxiago du bai euskal herritarrengan, bai nazioartean».