Samuel Ruiz, Darahli elkartekoa: "Ahalegi txiki bat egin eta janari bilketan parte hartzera animatu nahi dut jendea"

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko urtarrilaren 10a

Urtero bezala, Zumaiako Darahli Elkarteak Mendebaldeko Sahararako janari bilketa kanpaina abiatuko du datorren astean. Elkarteko kide Samuel Ruiz (Treviana, Errioxa, 1959) egitasmoaz eta elkarteak egiten duen lanaz aritu da HITZArekin. Janari bilketa abiatuko duzue datorren astean. Gabon aurretik Saharara egindako bidaiak zerikusirik izan al du ekimena abiatzerakoan? Darahli Elkartetik egiten ditugun egitasmo finkoetako bat da janari bilketa. Urtero urtarrila inguruan egiten dugu, Euskal Herritik Mendebaldeko Saharara abiatzen den karabana otsailean ateratzen delako. Datorren astean egingo dugu janari bilketa kanpaina; hilaren 15ean, 16an eta 17an ikastetxeetan, eta 18an, larunbatean herri osora zabalduko dugu. Eroski eta DIA saltokietan janaria biltzeko mahaiak jarriko ditugu, herritarrek euren ekarpenak egin ditzaten. Janari bilketa kanpainak harrera ona izango duela uste al duzue? Harrera ona izaten da, baina azken urteetan asko jaitsi da herritarrek egiten duten ekarpena. Dena dela, guk sentsibilizazio kanpainak martxan jartzen jarraituko dugu. Ikastetxeetan, esaterako, Batxilergoko ikasleak haur eta gaztetxoen geletara joaten dira janari bilketa zergatik egiten den eta Mendebaldeko Sahararen egoera zein den azaltzera. Gabon aurretik gazte talde bat izan zen Mendebaldeko Saharako kanpamenduetan. Aldaketarik nabaritu al duzue iaztik? Urtero joaten da gazte taldetxo bat Darahli Elkarteak bertan dituen proiektuen jarraipena egitera. Zumaiarekin anaituta dagoen Zug herriarekin, esaterako, hiru urteko konpromisoa sinatu dugu, eta familia behartsuenentzat urtero 21 eguzki plaka bideratzen ditugu. Zugeko kontseiluak herriko familia behartsuenak aukeratu eta eguzki plakak familien artean banatzen ditu. Gazte taldeek eguzki plaken erabilera egokia den eta aurreko urteetan jarritakoak zein egoeratan dauden ikuskatzen dute bertan. Herritarren arteko senidetze ekimenik ba al duzue? Bai. Mendebaldeko Saharako kanpamenduetan bizi diren errefuxiatuen egoera oso latza da. Europatik geroz eta laguntza gutxiago bidaltzen diegu, gutxi gorabehera %70 jaitsi da laguntza hamar urtean. Une honetan zenbait familiek jatekorik ez du, eta bi kilo arroz edo garbantzu izaten dute hilabete osorako. Ez dute haragirik, barazki edo fruitarik jaten. Egoera horri aurre egiteko, familien arteko senidetze programa dugu; Zumaiako hainbat familik konpromisoa hartzen dute Mendebaldeko Saharako beste familia bati urtean ehun eroko laguntza eman eta argazki edo gutun bidez harremana sortzeko. Ez da laguntza ekonomikoa soilik, horrelakoetan garrantzitsua izaten da laguntza morala ematea ere. Horregatik gustatzen zaigu familien artean harremana sortzea. Aurten egitasmo horrekin 46 familia senidetu dira. Erraza izaten al da familiak senidetzea? Dirua biltzea ez da zaila izaten, gehien kostatzen zaiguna elkartasun erlazioa sortzea izaten da. Familia askok dirua ematen dute, baina arrazoi desberdinengatik ez dute Mendebaldeko Saharako familiekin lotura estua izan nahi. Horrelakoetan Darahli Elkartetik bitartekari lana egiten dugu. Hemengo laguntzarekin gauza asko lortu al daitezke Mendebaldeko Saharan? Ehun euroko laguntzarekin hiru hilabetez familia baten elikadura beharrak asetzea bermatu dezakegu. Janari bilketatik jasotzen ditugun elikagaiak, berriz, Frente Polisarioak kudeatzen ditu, eta familien artean banaketa egiten dute; familia guztiek zerbait jaso dezaten saiatzen dira. Nik neuk herritarrak ahalegin txiki bat egin eta janari bilketan parte hartzera animatu nahiko nituzke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide