Azkoitiko Anaitasuna Mendi Bazkunak batzordea osatzeko kide eske hasi du denboraldia

Ane Olaizola 2014ko urtarrilaren 10a

Anaitasuna Mendi Bazkunak urteko asanblada egin zuen abenduan, eta azken urteetako arazoari aurre egin nahian dabiltza aurten ere; zuzendaritza batzordea osatzeko kide bila dabil elkartea. Hasiera batean lau kidek osatzen dute batzordea, eta urtero bi lagun batzen dira hara. Oraingoz, ordea, ez da inor batu batzordera, eta Enaitz Eizagirrek, Ekaitz Artetxek eta Iñigo Alberdi Axiri-k dituzte momentuz ardura horiek. Kideek jakinarazi dute beste inor agertu ezean aurtengoa eurek eramango dutela aurrera, baina batzordea berriro osatu dezaten eta hurrengo urterako esperientzia hartu dezaten jendea behar dutela berretsi dute. "Ahal bezain laster batu daitezen komeni da, hutsetik has ez daitezen". Jakinarazi dutenez, batzordearen ardura da hilean behin elkartzea, urtean zehar egingo diren ekintzak prestatzen laguntzeko; hala nola, informazioa zabaltzea eta diru kontuak ematea da euren lana. "Oso lan karga txikia eragiten duen arren, beti boluntario faltan aritzen gara", adierazi dute. Horien arabera, urteko irteerak prestatzeaz beste talde batzuk arduratzen dira, eta "lan karga handiena talde horiek daramate". Horietako bi ordezkarik ere batzordeko bileretan parte hartzen dute, "harreman zuzena izan dezaten". Hori guztia hala izanik, bazkideei dei egin diete "beldurrak kendu" eta zuzendaritzarako urratsa eman dezaten. Horretarako, taldearekin jar daiteke harremanetan, anaitasunamb@hotmail.com helbidera idatzita. Aurtengo egutegia prest Bestetik, elkarteak aurtengo egutegia zehaztu du dagoeneko. Aurreko urteetako ildo beretik jarraituko dute, eta ibilaldi eta egitasmo guztiak mantendu dituzte. Besteak beste, aurreko urtean lehenengo aldiz prestatu zuten eski zeharkaldia aurten ere antolatuko dute, orduan izan zuen "harrera ona" dela eta. Otsailean eta martxoan egingo dute irteera hori. Horrez gain, eskalada irteera ere prestatzeko asmoa dute aurten: "Urteroko saiakera izan da eskaladarena, baina jende gutxik izena eman izan duenez ez da inoiz aurrera atera", diote. Europako Mendietara joan beharrean, Curavacasera joango dira, gainera. Aste honetan izango da urteko lehenengo irteera. Umeentzako prestatu dute, eta Eibar, Arrikutz eta Arratera joango dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide