Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Polikulturalaren «deskalabru faraonikoa» EAk eta EAJk hasi zutela dio Zarauzko PSE-EEk, eta Udal Gobernuak amaitu duela, enpresei "ezer ez egiteagatik" dirua "oparitzeko" duen "obsesioarekin": "1.320.075 euro alferrik galdu ditu". PSE-EE hasieratik proiektu "faraoniko" horren aurka agertu dela dio: "Nabarmena da Zarautzek azpiegitura kulturalak behar dituela, baina handinahikerietan erori gabe. Denborak arrazoi eman digu orain. Modeloren eta herrian dagoeneko existitzen diren azpiegituren aldeko apustua egin dugu guk beti. Eraikin berri bat ere egin ahalko litzateke, baita proiektu xumeago bat ere. Orain, krisi garaian, beranduegi da".
Udal Gobernuak "kizkurra kizkurtu" duela salatu du, Polikulturalaren kontratu guztiak hautsiz enpresei "dirutza" ordainduta. "Gure ustez ez zen beharrezkoa, orain ez behinik behin. Argudio tekniko eta juridikotan oinarritzen gara hori esateko. Egoera ekonomikoa egonkortu arte itxaron zezakeen, baina Udal Gobernuak interes politikoak herritarrenenen aurretik jarri ditu". PSE-EEren arabera, orain Polikulturalaren "maiseatzaile nagusi" gisa aurkeztu du bere burua eta zarauztarrek "memoria" badutela esan dio alkateari. "Berriz ere herrian dirua oparitu diete enpresei hutsaren truke. Errauste plantarekin egin zuten moduan".