Lan bera, etxe berrian

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko urtarrilaren 10a

http://youtu.be/qHHiBroLfVs

http://youtu.be/qHHiBroLfVs   Ia berrogei urte darama Gureak Taldeak "pertsona desgaituentzako lan aukera iraunkorrak sortzen eta kudeatzen, haien beharretara albait gehien egokituz". 1983an ireki zuten enpresa Orion, eta hogeitamar urte luzez 100 lagun inguru bertan lanean aritu dira. Urte berriarekin, ordea, Zarauzko Abendaño industrialdean estreinatu dute etxe berria. Euren beharretara egokitutako azpiegitura modernoak dituzte orain Gureak-eko langileek. Gureak Zentroko tailerreko arduradun Harri Iruinek azaldu duenez, beharrak bultzatu ditu herriz aldatzera. "Gure asmoa tailerra Orion izaten jarraitzea zen, baina ez zegoen neurri horretako tailerrik. 2007an erosi genuen eraikin zahar bat Zarauzko Abendaño industrialdean, eta hura bota eta etxe berria egin dugu", azaldu du. Azken urteetan gizartea jasatzen ari den krisiak ere izan du eraginik proiektuan. Izan ere, hainbat urtez geldirik izan da egitasmoa: "Eraikina zaharkituta zegoen, eta etxe berri baten beharra genuen". Hala ere, hiru hamarkadatan zehar Orion jaso duten "harrera beroa" nabarmendu dute enpresako arduradunek. "Orion beti esku zabalik hartu gaituzte. Herriarekin, Udaltzaingoarekin eta, oro har, Orioko Udalarekin harremana ezin hobea izan dela azpimarratu behar dugu. Pena eman digu Orio uzteak". Gabonetako oporretan zentroko arduradunak buru-belarri lanean aritu dira laneko makinak eraikin batetik bestera pasatzeko. "Ez da erraza izan lekualdatzea". Izan ere, Gureak-en lerroan egiten dute lan, eta makinak desmuntatu eta berriz Zarautzen muntatu beharrik ez izateko Orioko eraikineko leihoetatik atera eta oso-osorik eraman dituzte makinak Zarautzera. "Ahalik eta gutxien desmuntatzen saiatu gara, hori muntatzeak denbora asko eramaten duelako". Azken asteak gogorrak izan badira ere, Iruin gustura da emaitzarekin. Orain langileak lantoki berrira egokitzea da taldearen helburu nagusia. "Denontzat izan da aldaketa handia. Datorren astea erokeria izango da gurean, baina aldaketak onerako direnean ongi-etorriak izaten dira. Azpiegitura eroso eta modernoak ditugu orain, lan egiteko aproposak". Erronkak gaindituz Lantokiaren kokagunean ere nabarmenduko dute aldaketarik Gureak Taldeko langileek. Izan ere, Orioko eraikina tren geltokiaren alboan zegoen kokatuta eta, berria, berriz, Abendaño industrialdean dago. "Zaila da industria pabilioia herriaren erdian egotea. Aukera hori Orion zegoen duela urte asko eraikitako etxea zelako", zehaztu du Iruinek. Gureak Taldeko arduradunak Zarauzko Udalarekin harremanetan izan dira azken hilabeteetan herri autobusaren geltokia enpresara inguratu zezaten. "Gaur egun La Salle Ikastetxearen inguruan du geltokia herri autobusak, eta gure eskaera ibilbidea zertxobait luzatu eta enpresara gerturatzea zen. Oraingoz ez dugu lortu, baina behin eta berriz eskatzen jarraituko dugu". Dena dela, Gureak Taldearen filosofia "ezgaitasunak dituzten herritarren gizarteratzea ahalbidetzea" denez, mota horretako erronkak hezitzaileak izan daitezkeela uste dute. Tailerrean hainbat enpresarentzat muntaia lanak egiten dituzte. Zarauzko tailer berrian autoentzako kable-sareak, usaingailuak, TDTko kaxak eta beste hainbat produktu egiten dituzte. Lanaz gain, ordea, beste hainbat erronka ere izaten dituzte pertsona horiek eguneroko bizitzan: "Garraio publikoa hartzea, esaterako, ahal duten bizimodu normalena egin dezaten beste urrats bat da ezgaitasunak dituzten pertsonentzat. Zenbait familiak autobus pribatu bat jarri nahi zuten gure taldeko langileak lanera etor zitezen, baina guk uste dugu eurentzat oso ona dela herritarrekin autobusa partekatzea, erosketa egitera doan etxeko andrearekin batera, esaterako", azaldu du Iruinek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide