Tximeleta bihurtu arte, jan eta jan

Aritz Mutiozabal 2014ko urt. 10a, 08:22

Ainhoa Agirre eta Juan Manuel Alvarez bikoteak gidatzen duen Didau Antzerki Faktoria zarauztarraren Beldartxo jatuna haur antzerkiarekin abiaraziko dute Zumaiako neguko antzerki denboraldia. Emanaldia igandean izango da Aita Mari antzokian, 12:00etatik aurrera, eta Eric Carle idazle eta ilustratzaile ingelesaren ipuinean oinarritutako kontakizuna taularatuko dute, 2 eta 8 urte bitarteko haurrei zuzenduta. Tximeleta bihurtuko den beldar baten egunerokoa du kontagai antzezlanak. Beldarrak denetarik jango du, loditu eta bere gorputzaren inguruan kusku bat sortu arte. Egun batez, kuskua zulatu eta barrutik tximeleta eder bat aterako da. Beldarra eta tximeleta txotxongiloak izango dira, eta Loretxu (Maite Agirre) eta Bartolo (Juan Manuel Alvarez) pertsonaiak haiekin harremanetan jarriko dira. Didau Antzerki Faktoriaren proposamenaren ondotik, beste bost antzezlan eskainiko dituzte martxoa amaiera bitartean. Alde batetik, Vaiven eta La Pavana taldeen Terapiak, Txalo ekoizpen etxearen Ondoko hilobiko tipoa eta Metrokoadrokaren Zertarako hegoak helduentzako lanak; eta bestetik, Ganso & Cia konpainiaren Babia haur antzerkia eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen Bizipoza ikuskizun berria. Urtarrilak 12, igandea - Beldartxo jatuna. Haurrentzako antzerkia, Zarauzko Didau Antzerki Faktoriaren eskutik. 12:00etan hasita, Aita Mari antzokian. Urtarrilak 17, ostirala - Terapiak. Helduentzako antzerkia, Vaiven eta La Pavana antzerki taldeek elkarlanean osatutakoa. 22:00etan, Aita Mari antzokian. Otsailak 9, igandea - Babia. Ganso & Cia antzerki konpainiaren haurrentzako antzerkia. 12:00etan, Aita Mari antzokian. Otsailak 14, ostirala - Ondoko hilobiko tipoa. Helduentzako antzerkia da berau, eta Txalo ekoizpen etxeak eskainiko du ikuskizun hori. 22:00etan, Aita Mari antzokian. Martxoak 3, astelehena - Bizipoza. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen ikuskizun berria. Saio bikoitza: lehena, 15:00etan,  eta bigarrena, 17:30­ean. Maria eta Jose ikastetxeko aretoan. Martxoak 21, ostirala - Zertarako hegoak. Metrokoadroka kolektiboaren antzezlana. 22:00etan  hasita, Aita Mari antzokian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide