Ainhoa Murua triatleta (Bittor Mutiozabal)
Ainhoa Murua triatleta zarauztarrak BM-Bilbao taldearekin fitxatu du, krosean lehiatzeko. Murua triatleta olinpikoa eta gaur egun triatloian Espainiako txapelduna da. BM-Bilbao taldearekin krosean ibiliko da, aurtengo 2014ko triatloiko denboraldia prestatzeko asmoarekin. Zarauztarra ez da inoiz krosean ibili, baina talde berriaren arduradunen ustez "emaitza onak" izan ditzake. "Triatleta handia da Murua, baina egia da krosean izan dezakeen errendimendua ikusteko dagoela", azaldu du Alex Carneros Bilboko Santutxu Atletismo Klubaren presidenteak. Murua Codeam Zarauzko Triatloi Elkarteko kidea da eta nazioarteko zirkutuan Espainiako selekzioarekin aritu da.