Azkonarrak eta oilaskoak

Urola Kostako Hitza 2014ko urtarrilaren 9a

Jesus Mari Olaizola 'Txiliku'   IRITZIA. Gure amona Mikelak, Aiako Altzolakoak, kontatu zigun bera neskatoa zela udazkeneko arratsetan padera zahar, pertza-tapa eta ontzi zaharrak hartuta artasailetara joaten zirela sukalde-tresna zahar haiek makilaz jo, burrunba atera eta azkonarrak eta sorginak izutzera. Azkonarrek artaburuak jaten zituztelako eta sorginek pertsonen eta ondasunen kaltea ekar zezaketelako. Garai hartan izan baziren azkonarrak eta, agian, baita sorginak ere, baina, hori da garrantzitsua, jendeak ezagutu egiten zituen (animaliak batez ere, sorginak ezagutzen zailagoak ziren…). Egia da herri txiki eta auzoetan natura hurbilago zegoela gaurko hirietan baino eta herritxoetan guk ez dugun jakintza zutela inguruko landare eta animaliei buruz, baina hiritarron ezjakintasunak izan beharko luke gutxieneko muga bat, eta ez izan lotsagarri, joan zen San Tomas bezperan Euskadi Irratiko bi esatari izan ziren moduan. Hasi ziren goizeko bileran izan zituzten zalantzekin (eguna nahikoa absurdoa izan zutela onartzen zuten beraiek ere) eta bost bider zero zenbat zen kezkatuta, Jesus Mari Goñiri deitu zioten. Letratakoak zirela aipatu zuten, horrek barkamen bereziren bat emango balie bezala, eta ezagutzen ez zituzten gauzak lotsagabe-lotsagabe galdetzen zituztela (zekienak erakutsita ikasteko asmoz, pentsatzen dut). Lehen zalantza hori argitu ondoren, goizeko bilera ekarri zuten ahotara berriz ere, eta bizitzan jakin beharreko gauzez eztabaidatzen aritu zirela aipatu. Jakin beharreko gauza horietaz ari zirela, agi danean, burura etorri omen zitzaien bigarren zalantza: –Zer da arrautza? Denak ados arrautza obulu bat zela, baina hortik aurrera, dena iluna eta nahasia: ez zekiten oso ondo zer gertatzen zen obuluarekin eta nola bilakatzen zen txita. Usurbil aldean hegaztitegi bat duen Jesusi galdetu zioten, lotsagabe-lotsagabe. Adi, kazetari bizkorra, ez badakizu, galdetu! Dena dela, esatari hiritar pinpirinek Jesusi egin zizkioten galderak ez ziren, nik uste, elkarrizketa bideratzeko egokienak. Esaterako: –Noiz bereizten da platerako arrautza eta ondoren txita jaioko dena? Jesus saiatu zen, bere intentzio onenarekin, ondo adierazten zer den arrautza, arrautza ernaldua egoteko nola behar den oilarra oilategian eta txitak ateratzeko hogeita bi egunez arrautzak inkubatzea, baina gure esatari pinpirinetako batek ez zion aukera handiegirik eman. Hura berearekin ari zen, eta hasi zitzaion esaten: –Gure arteko batek esan du oilaskoa dela labean pasatako oiloa. Jesusek ezin zuen ulertu zertaz ari zitzaion, baina esatariak, barre txolinez lagunduta, lehengo ezjakintasunean bere burua gehiago ondoratzen jarraitu zuen: –(barre) …oiloa prestatzen dugunean dela oilaskoa… (barre) Azkonarrak baserriko soroetatik izutzetik oilaskoa zer den ez jakitera pasatu gara, eta garbi dago gauza asko galdu ditugula bidean. Hiritarragoak egin gara, baina hiri gorrienean ere (Hiri gorrian da magazinaren izena) lotsa apur bat edukitzea ez dago batere gaizki, eta hitz egiten hasi aurretik kazetariak gutxieneko informazioa edukitzea ezinbestekoa dela iruditzen zait. Egia da oilasko idatzita ez dagoela informazio askorik Interneten (norbaitek idatzi beharko genuke zer den oilaskoa Wikipedian), baina Internet planetatik kanpo ere badago bizitza, eta komeni da ezagutzea; uatxapa bidali zuen entzule batek esatariei esaten zien bezala: –Oilarra da aita, oiloa ama, oilaskoa semea eta oilanda alaba. Lehen Hezkuntzako ume txiki bati erakusten zaion bezala. Ez dakit uatxapak salbatuko dituen esatari horiek; iruditzen zait informazio falta baino sakonagoa dela hiritar gazte horien gabezia...

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide