Urola ibaiaren itsasadarra berreskuratzeko Plan Nagusia idatzi du Zumaiako Udalak. Santiagoko hondartzan hasi eta Oikiaraino, 12 proposamen nagusi jasotzen ditu dokumentuak, eta Eusko Jaurlaritzaren ekarpen bat gehitu zaio. Mapa interaktibo honetan kokatu ditugu. Berdez marraztuta ageri da babestuko den eremua, eta puntuetan topatuko dituzue azalpenak eta argazkiak. Plan Nagusiaren nondik norakoak ezagutzeko, hemen daukazue Baleike aldizkarian argitaratutako erreportajea. Urola ibaiaren itsasadarra berreskuratu nahian Urola ibaiaren itsasadarra berreskuratzeko Plan Nagusiaren tramitazioak aurrera doa. Getariako eta Zestoako udalen oniritzia jaso ondoren, Zumaiako Udaleko azaroko Udalbatzak behin-behineko onarpena eman zion dokumentuari. Behin helegiteen epea amaitzen denean (urtarrilaren erdialdera), Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren oniritziak jaso beharko dira behin betiko onarpena emateko. 2014ko erdialdera onartuko dela espero da. Urolako itsasadarra, Santiagoko hondartzan hasi eta ibaian gora eginda Oikiaraino doan eremua (artadia barne, baina ez Narruondoko erreka), Natura 2000 sarearen parte da eta Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatu zuen Eusko Jaurlaritzak orain urte batzuk. “Izendapen horrekin legedi aldetik koska bat igo zitzaion. KBE izendatzean ez da esaten zer egin behar den ingurune horretan; dio eremu hori babestu egin behar dela eta helburu batzuk lortzeko diru laguntzak eskatzeko aukerak ematen ditu”, azaldu du Udaleko Ingurumeneko zinegotzi Aitor Leizak. Behin-behinekoz onartu den dokumentu honekin ingurunea babesteko beste [...]