Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Tantaz Tanta mugimenduak preso eta iheslarien eskubideen alde larunbaterako prestatu duen mobilizaziora joateko autobusak egongo dira eskualdeko herri gehienetatik. Antolatzaileek egun osoko ekitaldiak prestatu dituzte egun horretarako, sakabanaketaren aurka egin eta Bilbon «itsaso handi bat» sortu dezaten. Horregatik, beste urteetan ez bezala, herri askotan goizez eta arratsaldez egongo dira autobusak hara joateko.
Azkoitian, goizean 10:00etan irtengo du autobusak, eta arratsaldean 15:00etan. Bietan Graphic’s aurretik abiatuko da autobusa, eta 20:30ean itzuliko dira handik. Izena ohiko tabernetan eman daiteke. Azpeitian ere goizez eta arratsaldez izango dira autobusak Bilborako. Dagoeneko hiru autobus betetzear daude, eta herritarrek izena eman ahala gehiago jarriko dituzte. Goizean, 10:00etan aterako dira, eta arratsaldean 16:00etan, bietan anbulatorio aurretik. Izena Orkatzen eta Korralen eman daiteke.
Getarian ez dute oraindik zehaztu noiz izango den autobusa, baina Arralde, Mahasti eta Zokoa tabernetan eman daiteke izena. Orion, berriz, bi autobus antolatu dituzte, bata goizerako eta bigarrena arratsalderako. Kolon Txiki tabernan eman behar da izena.
Zarautzen, hiru ordutegi
Zarautzen hiru ordutegi jarri dituzte; lehenengoa 10:00etan aterako da, eta 03:00etan itzuli. Bigarrena ordu berean izango da, baina 22:00etan itzuliko dira herrira. Hirugarrena arratsaldekoa izango da, eta 15:00etan abiatuko dira Bilbora, eta 20:30ak aldera itzuliko dira. Izena Eguzki eta Arrano tabernetan eta Bitara arropa dendan (Ahateen parkean) eman behar da. Izena ahalik eta azkarren eman dezaten eskatu diete herritarrei, autobus faltan geratu ez daitezen. Zestoan ere bi ordutegi izango dituzte: bata 10:00etan abiatuko da, eta bestea 15:30ean, Gurutzetik. Izena Txoko, Uztapide, Koiote eta Fati tabernetan eman behar da. Zumaian ere ordu horietan abiatuko dira, eta izena Inpernupen eman behar da.
Eskualdeko olatuak
Etziko mobilizazioa ez da manifestazio soila izango. Are gehiago, protestak ez du manifestazio itxura izango, eta ez da izango ez pankartarik, ez politikarien adierazpenik. Egun osoan zehar egingo dituzte ekitaldiak, eta goizetik tailerrak nahiz kontzertuak izango dira Areatzan. Arratsaldean, Casilla eta udaletxe aurretik aterako dira «bi olatu handi», eta protesta hasi baino lehen tantak banatuko dituzte, «itsasoa» eratzeko. Leloa argia izango du mobilizazioak: Giza eskubideak, irtenbidea, bakea. Euskal Presoak Euskal Herrira.
Alderdi, eragile eta sindikatu ugarik egin dute bat etziko mobilizazioekin, eta Urola Kostan ere hainbat ekimen izan dira azken asteetan ekimena babestu eta bertan parte hartzeko dei egiteko herritarrei.
Bestetik, atzo euskal presoen zortzi abokatu atxilotu zituen Guardia Zibilak Euskal Herrian egindako polizia operazioan, eta atxiloketa horiek salatu zituzten, besteak beste Zumaian.