Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azpeitiko Udalbatzak Lapatx ixteko azpiegiturak adostea eskatu zuen atzo egindako osoko bilkuran, abenduko batzarrean EAJk egindako eskaerari erantzun eta mozioa aurkeztuz.
Bilduk egindako proposamenean «azpeitiarren interesak defendatzeko» eskatzen diete eragile guztiei eta «bereziki» Gipuzkoako Batzar Nagusietako talde politiko guztiei.; «ez ditzatela gure herriko interesak ahaztu eta adostu ditzatela Lapatx ixteko azpiegiturak errauskailu gabeko alternatiban» diote. Honenbestez, «behar denera jartzeko» beharra azpimarratu zuten, «benetan denok azpeitiar eta gipuzkoarren interesak defendatzen ari bagara, Lapatx itxiko da», diote.
Bilduk aurkeztutako testuarekin bat egin zuen EAJk; Hamaikabat, berriz, abstenitu egin zen.
Errauste plantarik gabe
Eneko Etxeberria alkateak adierazi zuenez, «erabakia hitzetatik ekintzetara pasatzeko, eman beharreko pausuak zehazteko, bakoitzak bere ondorioak atera eta zabortegia ixteko egin beharreko lanak zehazteko» garaia da.
Gipuzkoan errauste planta ez egitearekin bat egin du Azpeitiko Udalak mozio hau onartuta. «Gipuzkoarren osasunerako albiste ezin hobea da eta denon poltsikorako 500 milioi euro aurreztuko ditugu». Ildo horretatik, nabarmendu zuten, Azpeitiko herritarek ez dutela «edozein motatako konponbidea onartzen» zaborren kudeaketari dagokionez, eta «guretzako nahi ez dugun kaltea Zubietako herritarrentzako» ez dutela nahi adierazi zuten.
Horrenbestez, Gipuzkoako Batzar Nagusiak «nahi dituzten erabakiak hartzeko burujabe» direla onartuta, «azpeitiarren interesak defendatzeko eskatu nahi diegu alderdi politiko guztiei». Horretarako, «Lapatx ixteko beharrezkoa den hondakinen azpiegiturak egiteko baimena emateko» eskatu dute; «orain arteko blokeoa alde batera utzi eta, errauskailurik gabeko errealitate berrian, zabortegiak ixteko beharrezkoak diren azpiegitura berriak adosteko» deia egin dute.
EAJ alde, Hamaikabat abstenitu
Euren botoa emateko antzeko argudioak eman zituzten EAJ udal taldeko kideek nahiz Hamaikabateko zinegotziak. Lehenek mozioaren alde egin zuten, «testuko hainbat esaldik zalantza sortu arren, pausoak emateko beharra ikusten baitugu». Mozioa babesteko arrazoi nagusia, Lapatxen itxiera eskatzea da EAJ taldearentzat. Hamaikabateko Aitor Aranguren zinegotziak ere zalantza berak argidiatu zituen abstenitzeko, eta ezkor agertu zen Lapatxen itxierari dagokionez, bere ustez «zoritxarrez puskatean ez baita itxiko».
Errazkin adostasunari deika
Iñaki Errazkin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak adostasunerako deia egin du, gaur Batzar Nagusietan egindako agerraldian. Adibidetzat jarri du atzo Azpeitiko Udalean onartutako mozioa, «Bilduk eta EAJk errauskailurik gabeko eszenatokia onartzen baitute eta Lapatx ixteko beharrezkoa azpiegiturak egitea baimentzea eskatzen diete Batzar Nagusietako talde politiko guztiei», adierazi du.