Manolo Sanjuan: "Tailuak bizia eman dit"

Nerea Uranga 2014ko urt. 8a, 18:29

Manolo eta Mikel Sanjuan. (Nerea Uranga)

Abenduaren 29an Azpeitiko Kultur Mahaiak ohorezko bazkide izendatu zuen Manolo Sanjuan (Irun, 1928) tailugilea, Sanagustin kulturgunean egindako ekitaldian. Ordutik egun batzuk pasatu diren arren, gogoratuta bakarrik hunkitu egiten da: "Ospakizun oso polita izan zen, eta asko eskertzen dut".

Kultur Mahaiak  Sanjuani bere bizitzan egindako kultur lana aitortu dio ohorezko bazkide eginda. "Oso gustura jaso dut aitorpena, bene-benetan". Tailugile bezala egindako lanagatik jaso duen aitorpen bakarra ez da: 2002ko urtarrilean Gipuzkoako Artisau Tradizionalaren Diploma jaso zuen Gipuzkoako Merkataritza, Industria eta Itsasketa Bazkundeak emanda. "Hura ere gustura jaso nuen, oso polita izan zen, baina Azpeitikoa gusturago jaso dut, herrikoa delako", dio Sanjuanek.

Irunen jaioa da, baina 11 urterekin etorri zen Azpeitira bizitzera. "Azpeitiar-azpeitiarra" sentitzen dela dio, "noski baietz". "Pentsa, hemendik Ameriketara  joan eta atzera itzuli egin nintzen, azpeitiar sentitzen naizenaren froga handiena hori da. Toki batean jaio eta inora irten gabe egoteak ez du ezer erakusten; baina toki batetik joan eta berriro  itzuli izanak dena erakusten du".

Ameriketara lanera

1952an lanera joan zen Uruguaira, eta han hamar urte egin zituen. "Garai hartan Azpeitiko egoera oso txarra zen, jesulagunek agintzen zuten denean eta ni ez nintzen haien oso laguna; halere, esan beharra daukat inoren aurkaria ez naizela, ez orduan, ez orain. Baina, egoera oso txarra zen hemengoa". Mekanikaria izan nahi zuen, baina horretarako aukerarik ez. eta tailuari heldu zion hamasei urte zituenean. Orduz gero zizelei lotuta eman du bizimodua.

1993an hartu zuen erretiroa, baina tailuari orain bizpahiru urte utzi zion erabat. "Ahal izan banu mekanikaria izango nintzen, baina ez zen posible izan. Bizitzako gertaerak dira. Bizitza askotan ez da norberak proposatu bezalakoa, beste gauza batzuk ateratzen dira bidean, eta haietara egokitu beharra dago. Horixe esaten diet askotan gaur egungo gazteei ere, gauza batek irteten ez badu, beste batean sartu behar dela; probatu egin behar dela".

Gaur egun lana aurkitzeko egoera zaila dela onartzen du, baina bere gaztarokoa baino egoera hobea delakoan dago. "Orduan gauza gutxi zegoen aukeran. Gaur egun egoera gaizki dago, baina orduan ere ez zen batere samurra. Ordukoa baino okerragoa ez da gaur egungo egoera, hobea da oraingoa, aukera gehiago dagoelako. Gainera, bizitzak aurrera egiten du, bizia aurrera doa". Tailugile hasierak oso gogorrak izan zirela dio. "Oso-oso gogorra zen orduko bizimodua; langile baten eguneko soldata ez zen nahikoa arrautza dozena bat erosteko". Uruguaitik bueltan, Lapatxenean hasi zen lanean, Agirreneko etxeetan zegoen denda txiki batean. Han bi urte egin, eta Ondarre baserrian, lokal batean, hasi zen tailagile lanean.

"Ameriketatik itzuli nintzenean, tailugintzan zereginik ez zegoela esan zidaten, baina nik beste ezer egitekorik ez neukan eta, kale edo bale, zizelei heldu nien". Ordutik, bizitza osoa eskaini dio tailuari. "Iganderik eta jaiegunik ez du lanbide honek. Tailua bizia da, bizitzeko modu bat da. Tailuak bizia eman dit". Ondarretik Azpeitiko Pablo VI.a auzoko lokalera pasatu zen. Hantxe hartu zuen erretiroa, eta baita aitaren lekukoa Mikel semeak ere. "Zorionez eta zortez, bizitza guztian lanbide honi esker bizi izan gara. Besterik ez neukalako hasi nintzen, eta ikasten joan naiz, hobetzen. Gaur egun semeak segitzen du. Honek ere aukeratzeko aukerarik ez zuen izan...", dio semeaz. "Beno, aitak baino pixka bat gehiago aukeratu nuen nik", dio aldamenetik Mikelek.

Semea tailerraren bueltan hazi eta hezi dela dio aitak. Garai batean, Pablo VI.eko sanjuandarren tailerraren ingurua auzoko neska-mutilen jolastokia izan zela dio Manolok. "Garai batean tailer hau auzo guztiko jolaserako gunea zen. Auzoko neska-mutil ia gehienak hemen tailerraren inguruan ibiltzen ziren jolasean. Bat baino gehiago min hartuta eraman izan dut anbulatoriora, min hartu eta hona etortzen ziren eta". Orduak eta orduak lan egitea eskatzen duen lanbidea da tailugintza sanjuandarren esanetan. "Orduak ezin dira zenbatu. Burua etengabe ari da lanean: tailerretik etxera joan, lotara sartu eta ohean ere buruak lanean segitzen du: plano bat egiten, zirriborro batekin, irtenbidea eman nahi diozun lan batekin...".

Horretan tailugintza ez da asko aldatu aita-semeen garaien artean. "Lanak asko aldatu dira", ordea. "Politagoak dira gaur egun egiten ditugunak, baina guretzako okerragoak. Gauza bereziak dira gaur egungoak, eta gero egindako lan  guztia ezin da kobratu", dio Mikelek. Manoloren ustez, gaur egun tailan egiten diren lanek "zailtasun gehiago" dute. Garaian garaiko egoerak eta modak asko baldintzatzen du tailugilearen lana Mikelen ustez: "Minimalismorako joera dagoenean, apaingarri  gutxi erabiltzen da, eta gaur egun hori dago;  zorionez, ordea, beste gauza batzuk egiten ditugu".

Lanik politena, beti zailena

Tailugintzan gauza eta era askotako lanak egitea dagoela dio Mikelek, "baina asmatu egin behar da. Orain, eguzkilore eleganteak egiten ditugu eta saldu egiten dira, baina izugarrizko lana dute". Lanik politena beti zailena eta lan gehiena daukana izaten dela gaineratu du Manolok. Gaur egun ez bezala, garai batean sailetarako eta galdatzeko lanak gehiago egiten zituzten. "Egun, berriz, jendeak brontzean eginda dagoena ez du egurrezkoa bezainbeste estimatzen. Lehen lan asko egiten zen gero galdatzeko; egurrean moldea egin, eta gero horren gainean brontzea galdatzen zen, eta kalean toki askotan horrelako lanak daude ikusgai: eskudeletan edo barandatan, faroletan...".  Lehen burdinezko edo brontzezko lan askoren atzean tailugilearen lana zegoen. "Orain gutxiago". Horregatik, gaur egun modelista edo eredugile gutxiago dago. "Lehen lanbide bat zen; oso garrantzitsua, gainera. Lehen hemen modeloak edo ereduak egiten zituen tailerra ere bazen", gogorarazi du Manolok.

Tailugintzan egindako lan asko dituzte gogoan sanjuandarrek: Donostiako Askatasunaren Hiribidean brontzean egindako ate bat, Aquariumeko egurrezko atea, Zarauzko Musika Plazako kioskoaren zintzilikariak, teilatu azpiko gapirio asko...  "Era askotako lanak egin ditu aitak, eta lan asko etxe pribatuetarako", azaldu du Mikelek. Manolo erabat utzita dago tailua. "Orain dela hiru edo lau urte utzi nuen, aldakako azken ebakuntza egin zidatenean. Utzi beharra dago, naturaren legea da". Ez zen bat-bateko kontua izan, eta beraz, ez zitzaion asko kostatu. Mikelen arabera, "berak ez dio utzi, bizitzak berak eraman du uztera. Pixkanaka gutxiago egiten joan da, horregatik azkena zein lan egin duen ez dugu gogoan".

Oraindik ere ia egunero jaisten da tailugintzako tailerrera, semearengana. "Orain zer? Zahartuta nago eta zer egingo dugu ba, bizitzaren legea da, eta ezin dugu aldatu", dio Manolok. Semearen lana gertutik jarraitzen du. "Nik beti diot, maisua pixka bat ona bada eta ikaslea beste pixka bat, ikasleak askoz hobea atera behar duela. Hor mirarik ez dago, eta bete egin da", dio semeaz harro.  Tailugintza nork bere kasara ezin du ikasi. "Besteen lanak kopiatuz ikasi behar da. Nire anaia bat tailugintzan oso ona zen, eta maisu onak ere eduki ditut, bai Azpeitian bertan, baita Uruguain ibili nintzenean ere. Uruguain asko estimatzen zen tailua, eta asko zekien jendearekin elkartu nintzen; denei zerbait kopiatu nien, eta halaxe ikasi nuen. Estiloak ikasteko, berriz, liburu asko ibili dut eskuartean", kontatu du Manolok.

Lanbidean eta lanean semea beti  aurrera egitera bultzatu du Manolok: "Beti animatu dut, eta orain ere halaxe egiten dut. Nik inoiz ez diot esan: ‘hori erraza da’ edo ‘hori edozeinek egiten du’. Ez, ez, nik animatu egiten dut. Hori da nire teoria, eta hala segitzen dut". Manolo Sanjuanez argazki erakusketa zabalik dago Sanagustin kulturgunean, igandera bitartean. 25 argazki daude ikusgai. Azpeitiko Kultur Mahaiak ipini du, Azpeitiko Argazki Elkarteko Juan Mari Ibarzabalen laguntzarekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide