Gari Berasaluze: "Herritarrekin erabakiko dugu kultur azpiegituren funtzioa"

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2014ko urtarrilaren 8a

Hainbat hilabetez jabeekin salerosketa akordiotan jardun ostean, Modelo erosi du Zarauzko Udalak 1.480.658 euroan. Hamalau hilabetez alokatuta izan du eraikina, eta areto zaharretik kultura eredu berrira saltoa eman du, hamaika ekitaldi antolatuz bertan. Aurrera begira ere joera horrekin jarraitzeko asmoa du Zarauzko Udal Gobernuak. Behin eraikina udalaren jabetzakoa izanda, bertan zer egin, nola antolatu eta haren funtzionamendua zein izan erabaki beharko da. Herriko gainontzeko kultur azpiegiturekin ere ariketa bera egingo dute. Horrek «hausnarketa sakona» eskatzen duela nabarmendu du Zarauzko Kultura zinegotzi Gari Berasaluzek, eta herriko hainbat eragile, elkarte eta erakunderekin egin behar dela. Horretarako, Kultur Mahaia sortuko dute. Martxotik aurrera martxan izango dela aurreikusi du Berasaluzek. Nolakoa izan da salerosketa prozesua? Prozesua luzea izan da. 2012an kultur azpiegituren inguruko parte-hartze prozesua abiatu genuen. Garai hartan etxeak egiteko Lizardi antzokia eraitsi zuten, orduko jabeek Modelo itxi zuten eta 21 milioi euroan aurreikusten zen polikultural erraldoi hura ere ezerezean geratu zen ezinezkoa zelako hura aurrera eramatea. Zarautzen kultur azpiegitura batzuk gelditzen badira ere— Gaztelekua, Antoniano eta gaztetxea, besteak beste— herriak behar zuen moduko areto txukunik ez zegoen. Ariola ekimenak egin zituen jardunaldi batzuetatik eta Kultura Sailak bideratutako parte-hartze prozesuan horretaz aritu ginen. Hainbat eta hainbat eragile eta talde bildu ziren parte-hartze prozesu horretan, hiru saio emankorretan. Kultur azpiegituren mapa osatu eta herritarrek Modelo eskatzen zutela ondorioztatu zen.  Modelo, hala ere, ez zen Udal Gobernuaren iparrorratza. (Aritz Mutiozabal/Hitza) Orduan zergatik erabaki duzue Modelo erostea? Nolabait txip-a aldatu genuen parte-hartze prozesuaren ondotik, eta Modelo alokatzera pasatu ginen. Hala, irtenbidea eman genion kultur azpiegitura aldetik geneukan hutsuneari. Ez guztiari, noski, 200 laguneko edukiera mugatua duelako eta ez dielako erantzuten bere horretan Zarautzek dituen behar guztiei. Oskolari baino mamiari begiratzeko asmoa azaldu genuen orduan. Eta zein izan da horren emaitza zure ustez? Hainbat eta hainbat eragilerekin eta norbanakorekin bilera zabal bat egin genuen Modeloren inguruan, eta hiru arlo bereizi genituen. Batetik, bertan udalaren hainbat sailek antolatutako ekitaldiak egingo genituela erabaki genuen, eta bestetik, bidelagunek antolatutakoak. Eta horiek etengabeko harreman iraunkorra izango zutela udalarekin, baldintza bereziekin—aretoa erabiltzeagatik ez zaie kobratu, hala behar izanez gero baliabide teknikoak soilik—. Azken lau hilabete horietan bidelagun ugari izan dira aretoari bizitza ematen, izan zinemarekin, izan musika ekitaldiekin, antzerkian… Horien artean, Modeloren Lagunak taldea, Alproja kultur taldea eta I love Rock elkartea daude. Hirugarren maila batean jarri genituen kasu puntualetan Modelo erabili nahi zutenak. Hileta zibil bat egiteko eskatu zen, akademia pribatuek ere erabili izan dute aretoa….Horiek ez dute harreman iraunkorrik udalarekin. Denetarik egon da hamalau hilabete hauetan. Zarauztarrek ere Modelo zinema aretoa herriarena izatea eskatu zuten. Guk hori oso argi genuen, eta hauteskundeetara ideia horrekin joan ginen. Hainbat parte-hartze prozesu egin ostean eta Ehuntzen plana aurkeztu genuenean ere esan genuen gure proposamenez gain, herritarrek egindakoak ere bilduko genituela. Horien artean zeuden polikulturalaren inguruan tratuak haustea eta Modelo herritarrena izatea. Orain batzuk diote zarauztar guztien dirua erabili dugula Modelo erosten eta horrek ez diela behar guztiei erantzungo. Hori esaten digutenak Polikultural erraldoi hori diseinatu eta bultzatu zutenak eta horren alde zeudenak dira; zarauztarren eta gipuzkoarren beharretara inolaz ere egokitzen ez zen Zubietako errauste plantaren alde zeudenak dira; peatonalizazioa beharrezkoa ez zela esaten zuten berberak dira. Horrek ez dauka zentzurik; denak ez du balio. Argi dago eraikin honek zarauztarrentzat baduela balioa, eta oraingoan posible izan dela erostea. Orain arte ez da adostasunik lortu edo ahaleginik egin hitzarmenetara heltzeko eta orain lortu dugu. (A.M./Hitza) Polikulturalaren proiektua eteteko eta Modelo erosteko diru asko erabili duzuela salatu dute batzuek.   Bai, hori da aurpegiratzen zaiguna: zarauztarren diruarekin ari garela gauzak egiten alde bakarretik. Gu hauteskunde kanpainan esandakoak egiten ari gara: polikulturala ez zela beharrezkoa esan genuen, eta horregatik eten ditugu kontratuak. Dirutza da, bai, baina beste aukera epaitegietara jotzea litzakete. Irtenbide hori ez litzateke samurra, epaileak esandakoak agian zarauztarrentzat kostu handiagoa ekarriko lukeelako. Kontratuak ez bagenitu eten eta proiektuarekin aurrera jarraituz gero, herria urte askotarako hipotekatuko genukeen. Gaur egun oraindik ere hipoteka horren zama eramaten ari gara. Zarautzek duen zor publikoa gutxitzen ari gara, azken hiru urteetan 8-9 milioi murriztu dugu. Baina gogoratu behar da agintea hartu genuenean 23 milioiko zor publikoarekin egin genuela topo, eta zama horrek oraindik eragina du. Beraz, dirutza da, baina beharrezkoa, aurrera begira gehiago ez xahutzeko. Eskuak lotuta jaso dugun hipoteka izan da, eta aurrerantzean arduraz jokatzea dagokigu. Modelo erosita, zer aldatuko da aurrerantzean? Alokairuan egonda argi geneukan eskuak erabat lotuta genituela, eta Modelo udalaren jabetzakoa izanda aukera zabala izango genuela eraikinari buelta eman eta hemen zer egin daitekeen hausnartzeko, besteak beste. Azkenean, herriarena den eraikina izanda, guztion artean erabaki beharko dugula hemen zer egin eta zertarako erabili. Horrekin lotuta, ideia asko daude buruan. Modelo erostea bezainbesteko dirutza beharko litzateke hau guztia dena hankaz gora jarri eta beste proiektu bat egiten. Eskaintzak ere badaude. Hori dena ikusi beharko da. Orain hasten da fase hori. Orain arte ez zitzaigun okurritu ere egiten hori planteatzea, ez baitzen gure eraikina. Eta orain? Orain gure esku egonda, argi dagoena da zerbait egin beharko dela. Hamalau hilabetetan egundoko bizitza eman diogu Modelori, eta aurrerantzean ere emango diogu, baina zer egin pentsatzeko ordua da. Modelok bere horretan ez dio erantzuten guztiz hutsune horri. Hau irtenbidea bada, baina ez osoa. Horrek sakonago birplanteatzera garamatza Modelon zer egin eta Modelotik kanpo zer beharko dugun. Ia bi urtean kultur azpiegituren auziari buelta eman diozue. Ahalegina egin dugu zerbait edukitzeko. Egia da polikulturalarena beste ziklo bat zela: dena han egitea aurreikusten zen. Horren ondorioz, gainerako azpiegiturak abandonatu egin ziren. Horren lekuko da garai hartako hainbat kultur elkarte, eragile eta erakundek azpiegitura aldetik zuten gabezia. Udalaren aldetik ez zuten erantzunik jasotzen.  Orduan gorpuztu zen, esaterako, Putzuzulo. Orain saiatu gara horiekin beste harreman mota bat izaten eta oskolaz arduratu beharrean mamiari heltzen. Eta mamia nola antolatu? Bada, elkarlanean. Hori izan da azken hamalau hilabetetan egiten saiatu garena eta aurrerantzean ere egiten jarraituko duguna. Eta dagoeneko Modelo geurea izanda arrazoi gehiagorekin. Kultur Mahai bat sortzeko asmoa du Zarauzko Udalak. Polikulturalean aurreikusten ziren askotariko ekitaldiak Zarauzko beste eraikinetara zabaldu beharko dira. Herrian badira hainbat eraikin— Ebro Etxea, Imanol Urbieta Udal Musika Eskola, Sortaldea eta Sanz Enea, kasu—funtzioa nahiko finkatuta dutenak. Horien funtzioaren inguruan hausnartu eta zehazteko ordua  da, eta horretan ari gara. Harreman, elkarlan eta hausnarketa horrek sakonagoa eta askoz ere konpartituagoa izan beharko du eragileekin. Hausnarketa horren barruan Kultur Mahaia sortzea aurreikusi dugu. Hori izango da Kultura Sailarentzat 2014ko lehentasunetako bat. Herritarrekin hausnartzea, eta bitartean bidea egiten segitzea. Zeintzuk bilduko ditu Kultur Mahai horrek? Mahai horretan herriko eragile eta elkarteak eseriko dira, eta guztion artean agendak bateratu, eraikinen erabilera aztertu eta beste hainbat erabaki hartu beharko ditugu. Udalari dagokio hori laguntzea, eta ahal den heinean azpiegiturak eskaini, erraztasunak eman eta elkarren berri izateko bitartekoak jartzea. Noiz abiatuko duzue? Udaberrirako martxan izatea nahiko genuke. Gabonak pasata, horretan buru-belarri jartzea izango da gure asmoa. Ea posible den otsailean egitura eta bestelako xehetasunak zehaztu, eta martxorako Kultur Mahaia abian jartzea. Hausnarketaz gain, bestelako lanik egitea aurreikusi al duzue? Lehen ezinezkoa zen eraikina goitik behera moldatzea. Pentsaezina zen. Orain horretan pentsatu daiteke, eta kalkuluak atera. Hori lotuta dago gainerako azpiegitura guztien beharrekin. Modelo zinemarako bakarrik erabili behar da, ala kontzertuetarako ere izan al daiteke? Barra bat behar al da? Kafe Antzoki moduko bat egin behar al da bertan? Ostalariekin eta merkatariekin ere hitz egin beharko da eraikin honek herrigunean zarauztarrei eskaini diezaiokeen aukerez. Beraz, kultur arlokoek soilik ez, gainerako eragileek ere egon beharko dute Kultur Mahai horretan. Elkarrekin pentsatu beharko da. Aurrez ere egin dituzue moldaketak.   Eraikinak bi solairu ditu, hirugarrena filmak proiektatzeko erabiltzen da. Modelo berez zinemarako dago prestatuta. Duela hamalau hilabete alokatu genuenean, beheko solairuan, pantailaren aurrean, eskenatoki bat jarri genuen zinemaz aparte beste ekitaldietarako. Bigarren solairutik, ordea, ez da ikusten oholtza. Kontzertuak, antzerkiak eta halakoak ezin dira bigarren pisutik ikusi; erabat kondenatuta dago solairu hori. Euskal Asteko ekitaldi batzuetan eta beste hainbat kasu puntualetan kenduta, gainerakoetan denentzat egon da tokia; inor ez da kanpoan gelditu. Beheko solairuan 200 lagun sartzen dira; 300-400 bat pertsonako edukiera izango litzateke txukuna. Hortik gorakoak, ekitaldi oso handietarako lirateke. Halako ekitaldiak antolatu izan dira Zarautzen eta kiroldegia erabili izan da horretarako. Horri begira ere pentsatu beharko litzateke zerbait. Horri lotuta, aulki mugiezinak beharrean, jarri eta kendu egiten diren eserleku hidraulikoak jarriz gero, zutik 500 lagun kabituko lirakete. Horrek konponbidea badauka. Hori guztia pentsatu beharra dago. Modelo aretoa erostea ez zen Zarauzko Udal Gobernuaren iparrorratza. Beste eraikin bat egin edo moldatzea planteatu zenuten garai batean. Kultur azpiegituren inguruko parte-hartze prozesura ideia zehatz batekin joan zen Udal Gobernuak: Modelok ez ziela erantzuten zarauztarren behar guztiei. Beraz, Gaztelekua konponbidea izan zitekeela pentsatu genuen. Akaso frontoia sakrifikatu beharko litzateke. Zinema pilotalekuan kaxa bat eraiki ahalko litzateke, eskenatoki batekin eta harmaila hidraulikoekin. Hor hausnarketa sakonagoa da, ez baita kultur politika soilik sartzen; kirol eta gazteria politika ere kontuan izan behar da hor. Bertan dauden bulegoek ere beren papera betetzen duten aztertu beharko litzateke. Hausnarketa askoz sakonagoa behar du, eta beraz, ez zen hain erraza Gaztelekuan egin nahi genuen areto hori egitea. Hala ere, Modelok ez baldin badigu erantzungo bere horretan zarauztarron beharrei eta beste nonbait beste zerbait egin behar bada, aztertu beharko da. Hausnarketa horrek korapilo asko ditu, eta askatu beharko dira

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide