Diskoirääko kideak, Indonesiako haurrekin. (Argazkia: Diskoirää)
Hilabete osoa pasatu genuen arroz frijitua jaten, eta hori aitzakia gisa hartu dugu dokumentalari izenburua jartzerakoan». Diskoirää taldeak bira egin zuen Asia hegoaldean barna 2011ko irailean, eta hogei bat kontzertu eskaini zituen Thailandian, Indonesian, Malaysian, Singapurren eta Filipinetan. Bizipen hura filmatu egin zuten, eta, orain, bi urte pasatxora,
Nasi Goreng Adiktion (arroz frijitu zaletasuna) dokumentala emango dute argitara, LP diskoarekin batera.
«Diskoak urte hartan grabatu genituen abestiak jasotzen ditu, aurretik argitaratu gabeko 2009ko bost abesti eta Urretxuko gaztetxean grabatutako abesti batzuk. Azken urteetako materialaren konpilazio bat litzateke», adierazi du Ander Epelde gitarra-jotzaileak. Urtarrila bukaeran edo otsaila hasieran ikusiko du argia disko-DVDak, Bartzelonako Discos Enfermos eta Donostiako Chaos 666 zigiluen babesean.
Diskoirääko kideak beste musika proiektu batzuetan murgilduta daude gaur egun, eta taldea desagertu ez bada ere,
stand by egoeran dagoela nabarmendu dute. Lozorroan, nolabait esateko. Alde horretatik, material berria berandu datorrela dirudi. «2011n taldeko kideok sakabanatu egin ginen, eta harrezkero ez gara elkartu, eta ondorioz, prozesu guztia mantsotu egin da. Beste gauza batzuei jarri diogu lehetasuna, eta alboratuta eduki dugu, nahiz eta grabatuta geneukan», azaldu du Jon Peñagarikano Peña baxu-jotzaileak. Biraren ikus-entzunezkoaren atontze lanek denbora dezente eskatu diete, eta gauza bat dela, bestea dela, atzeratu egin da LP-DVDaren argitalpena. «Biak gertu geneuzkanean kaleratzea erabaki dugu».
Guztira 300 aleko tirada xumea emango dute argitara. Edonola ere, diskoa hartu gabe ikus-entzunezkoa eskuratu nahi dutenei kopia bat emateko prest agertu da taldea. Eskaera egiteko,
barrio91@gmail.com edo
zaratazarautz@arraio.net posta elektrokikoetara idatzi daiteke.
Hiru aukeraren artean
Diskoirää taldeko abeslari Jonpik ekarri zuen Asian barna kontzertu bira egitearen ideia. «Anjel Fresnillo
Fres-ek (musikaria eta kontzertu antolatzailea) kontatu zidan Singapurreko Iheart7x0x7 kolektiboa berarekin harremanetan jarri zela. Haiek Asian kontzertuak antolatzen dituzte, eta Europako eta AEBetako taldeak hara eramatea du xede kolektiboak». Hego Ameriketara joateko aukera ere izan zuten –Brasil, Kolonbia eta Venezuela–, baita Mexiko aldera ere. Azkenean, ordea, Asiako aukerarekin geratu ziren.
«Nik uste dut konbentzitu egin gintuela Jonpik», dio erdi txantxetan Jorge Nieto
Abuelo bateria-jotzaileak. «Nora goazela? Indonesiara, Thailandiara eta Filipinetara jotzera? Hasiera batean arraroa egin zitzaigun, baina, ondoren, kostuei, hango prezioei, garraiobide publikoari eta halakoei erreparatu genien, eta gainerako tokietan baino askoz merkeagoa zela konturatu ginen».
Gainera, Diskoirääko lagunek jorratzen duten muturreko punk-hardcore doinuek harrera oso ona dute herrialde horietan; hau da, musika mota horren inguruan zaletasun handia dago. Kontatutakoaren arabera, irratian etengabe jartzen dute, eta kaletik haurrak ikus daitezke genero horietako musika taldeen elastikoekin. «Indonesiako presidentzirako hautagaietako bat, esaterako, Napalm Death taldearen jarraitzailea da».
Diskoirää laukotea Patin (Indonesia) jotako kontzertuan.
Aitzitik, gaztetxerik edo tankerako aretorik apenas topatu zuten biran. Oro har, «tokatutako tokian» jotzen zutela jakinarazi dute taldekideek, eta edozein gunetara moldatu behar izan zutela: jo dute tren geltoki batean, mendiko paraje galdu batean, kiroldegi batean... baita txakurtegi batean ere. «Ez zen haztegi bat, txakur haragia jatera joateko tokia baizik». Batetik bestera bidaiatzeko modua ere –trenez, autoz, motorrez – oso bestelakoa izan zuten; izan ere, ordura arteko birak furgonetan egin zituzten.
Hori guztia DVDan islatu nahi izan dute. Zarata Zarautz kolektiboko kide Izotz Barrio arduratu da ikus-entzunezkoaz. Hain zuzen ere, berak filmatu zituen birako irudiak, eta ondoren ere bera aritu da muntaia osatzen. «Bangkokeko eta Jakartako kontzertuetako txartela galdu nuen, birako lehen bi emanaldietakoak, baina hortik aurrerako guztia dago». Egunean eguneko kontzertuak ez ezik, hango taldeetako kideei eginiko elkarrizketak jaso dituzte, bertako errealitatearen eta egoeraren berri emanez. Elkarrizketak ingelesez eginak daude, eta azpitituluak euskaraz eta gaztelaniaz daude. Dokumentalak ordubete irauten du, eta modu kronologikoan egituratuta dago.
Material «kuriosoa»
«Hara abiatzean, hasiera hartan, ez geneukan halako dokumentalik egiteko asmorik. Baina filmatzen joan ahala zerbait egin genezakeela iruditu zitzaigun», aditzera eman du Barriok. Kamera bakarrarekin eta modu oso xumean egindako lana bada ere, bildutako materiala «oso kuriosoa» dela nabarmendu du Barriok. «Azken finean, herrialde musulmanak dira, eta ez du zerikusirik hango egunerokoak hemengoarekin». Alde horretatik, interesgarria bezain erakargarria suertatu daitekeela zehaztu du Jonpik, beste euskal musika talderik ez delako izan toki haietan horrenbeste egunetan horrenbeste kontzertu eskaintzen.
«Jorratzen dugun musika estiloa gustatu ala ez, bitxia egiten da bost zarauztar Asiara joatea eta hogei kontzertu eskaintzea», dio dokumentalaren egileak. «Ikus-entzunezkoaren asmoa bizipen hori kontatzea da, baita herrialde musulman batean musika nola bizi duten azaltzea ere. Izan ere, oso erlijiosoak dira, baina era berean
punkiak dira. Kontraesan asko dago, eta hori guztia erakusten saiatu gara». Anekdota modura, kontzertu bateko soinu proba otoitzaldiagatik geratu egin zutela gogoratu dute. «Estetikoki ere oso punkiak ziren, baina gehienek fedea praktikan jartzen zuten. Jendea politikoki oso kontzientziatua zegoen, baina Jainkoa oso presente zuten».
Nasi Goreng Adiktion Putzuzulon aurkeztu zuten duela bi hilabete, gaztetxearen urteurreneko ekitaldien barruan. Artean, dokumentala ez zegoen guztiz amaituta, eta xehetasun batzuk falta zitzaizkion. Orain, behin betiko emaitza edozein DVD irakurgailutan ikusteko parada izango da.