Mondragonek ezezkoa eman dio Grumalen proposamenari

Urola Kostako Hitza 2014ko urtarrilaren 8a

Azpeitiko Grumal lantegiaren etorkizuna kinka larrian da, orain inoiz baino gehiago, Mondragon taldeak uko egin baitio Azpeitiko  lantegia kooperatiba bihurtzeko azken proposamenari, atzo Fagor Etxetresnen konkurtsoa kudeatzen ari diren administratzaile judizialekin izandako bileran adierazi zietenez. Abenduaren 19an, konkurtso administratzaileekin lehen bilera egin zutenean, Grumalek  administratzaileei bitartekaritza lana egin zezaten eskatu zien, zuzenean ezin baitzuten haiekin bilerarik egitea lortu. Urtarrilaren 3an, azkenean, egin zen Grumal eta  Fagor eta MCCren arteko bilera. Uda amaieran egin bezala, Grumalek Mondragon taldean sartzeko eskaera egin zuen, 50 lagunek osatutako kooperatiba sortzeko bideragarritasun plan bat aurkeztuz. Atzo konkurtso administratzaileekin izandako bileran, Mondragonen ezezkoaren berri eman zieten berriro langileei, «Grumal proiektuan nahikoa inbertitu dutela eta, dauden egoeran egonik, ez dutela babesten jarraitzeko aukerarik esan ziguten», azaldu zuen Grumaleko LABeko ordezkari Andone Arrietak. Proposamen zehatza Blokeo egoera horren aurrean, proposamen zehatz bat egin zion Grumalek MCCri: lantegia Mondragon taldean txertatuko litzatekeen kooperatiba bihurtzea, bertan 50 langile inguru aritzeko aurreikuspenarekin. Kooperatiba sortzean langileek hartuko luketen arriskuaren truke, 55 urtetik gorako langileentzat aurrejubilazioak eta gainerako langileak Mondragon taldeko beste lantegietan sartzea eskatu du Grumaleko langile batzordeak. Konkurtso administratzaileek hamabost eguneko epea zabaldu dute orain MCCren eta Grumaleko langileen artean bigarren bilera bat lotzeko eta langileen proposamenaz taldea konbentzitzeko. Bi asteren buruan horien arteko akordiorik lortuko ez balitz, likidazio konkutsoa jarriko litzateke martxan. Likidazio konkurtsoak bi hilabeteko epea ematen du norbaitek enpresa babesteko edo erosteko konpromisoa erakusteko, baina, Arrietaren ustez «dagoeneko ez bada inor agertu horretarako asmoarekin, nekez agertuko da bi hilabete horietan ere. Aurre-konpromisorik ez duen inor ez egonda ez du zentzurik guretzat likidazio konkurtsoak». Gaineratu duenez, 50 laguneko kooperatibaren proposamena onartzearen edo baztertzearen arabera, 100 edo 150 lagunentzako kontratuak iraungitzeko txostena proposatuko dute. Inork Grumal babesteko edo erosteko konpromisorik erakutsi ezean, bi hilabeteko epean administratzaile judizialek kontratuen iraungitzea baimentzeko autoa kaleratuko dute, eta horrenbestez, «itxiera berehalakoa izango litzateke». «Zuhurtziaz»  jokatu nahi dute, baina, itxaropenak «urriak» direla onartzen dute. «Ikusiko dugu gero, etortzen diren erabakien aurrean zein tresna juridiko erabiliko ditugun», dio Arrietak. Aspalditik datorren arazoa Fagorrek 2005ean erosi zuen Grumal. 2008an eraikuntzaren krisiarekin kolpe zuzena jaso zuen Grumalek; orduan, 40 langile inguruk euren borondatez utzi zuten enpresa eta beste 53 langile Fagorren beste lantegietara bideratu zituzten lanera. Fagorrek Grumal erosi osteko garaietatik, kooperatibizazio prozesua azkartu nahi izan dute Grumalekoek, eta «taldeko beste kooperatibista guztiei bezala, ahaleginak eskatu zaizkie Grumaleko langileei», ordezkari sindikalen esanetan. 2010a ipini zuten kooperatibizaziorako gehienezko epea. Baina prozesu hori ez da inoiz gertatu. 2013ko uda hasieran MCCk proposatutako bideragarritasun planari uko egin zion Grumalek, «guretzat ez baitzen onargarria». Grumaleko langileek, orduan, ekoizpen arduradunekin eta administrazio buruekin landutako kooperatiba planteamendu bat egin zioten MCCri, baina ez du inolako emaitzik eman. Urrian etorri zen Fagor Etxetresnen krisia eta gaur egungo egoera.    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide