Azpeitiko Udalak, Parekidetasun Sailaren bitartez, Plax! sexu eta bikote aholkularitza zerbitzu eraberritua jarriko du abian. Zerbitzua lehendik ere martxan zegoen arren, zerbitzu profesional eta koordinatu batekin osatuko dute eskaintza. Izan ere, udaleko Parekidetasun Saila, udaleko Sexologia Zerbitzua eta Azpeitiko Osasun Zentroa koordinatu egingo dira erabiltzaileei ahalik eta zerbitzu hoberena eskaintzeko xedez.
Informazioa
- Txanda hartzeko edo kontsultarako telefonoa. 688 897 920
- Bulegoa. Sindikatu Zaharreko Bigarren Solairuan
- Aurrez aurreko ordutegia. 10:00-13:00
- Aurrez aurreko arreta egunak. Urtarrilak 25, otsailak 22, martxoak 22, maiatzak 3, maiatzak 31, ekainak 28, uztailak 19, irailak 27, urriak 25, azaroak 29 eta abenduak 20.
- Internet bidezko kontsultak eta txanda hartzea. azpeitikoudala.com webguneko Parekidetasun atalean.
Eneko Etxeberria alkateak atzo aurkezpenean adierazi zuenez, «erakundeoi giza eskubideen defentsa dagokigu, eta sexu eta ugaltze eskubidea, giza eskubide oinarrizkoa da». Horrenbestez, Azpeitiko Udalak «jarrera aktibo bat hartu, gaia agendan sartu eta arazoei aurre hartzeko hautua» egin du.
Zerbitzu honek Nazio Batuen Erakundeen gomendioei erantzuten diela nabarmendu zuen Leire Etxaniz Parekidetasun zinegotziak. Horrez gain, zera azpimarratu zuen: «Emakume nahiz gizonei, bakoitzak bere ezaugarriak izanik, bizitzaren aro bakoitzean aukera berriak sortzen zaizkie, baina baita zailtasun berriak ere». Horregatik, «arlo erotikoari duen garrantzia eman eta ibilbide horretan herritarrek topa ditzaketen oztopoei aurre egiteko zerbitzua» izango dela adierazi zuen.
Zailtasunak, adin guztietan
Sexu zailtasunak eguneroko beste zailtasunen pare jarri zituen Nerea Sancho Udaleko Sexologia Zerbitzuko arduradunak, «haurrak heztea edo lana bilatzea bezala, esaterako». Zailtasun horiei aurre egiteko tresnak erraz topa ditzakete herritarrek; «familiarekin, lagunekin edo teknikariekin kontsulta ditzakegu zalantzak». Aldiz, herritarrek zailtasun sexualei aurre egiteko tresnarik ez dutela nabarmendu zuen, «eduki intimoak baitira, eta kontatuz gero, jada ez baitira sekretu izango. Hala, besteen jakituriatik ikasteko aukerarik ez dugu», azpimarratu zuen Sanchok.
Sexua eta horren arazoak gazteekin lotu ohi direla-eta, sexologoak azaldu zuen zailtasun asko «adinarekin» etortzen direla. Haatik, helduaroan edo zahartzaroan daudenek ez dute «gazteek bezainbeste tresna zailtasunei aurre egiteko», haren ustez. Gaineratu zuenez, «ohiturak asentatuago egon ohi dira helduaroan, eta zenbait egoera aldatzea gaztetan baino zailagoa suerta daiteke».
Errasti, Etxaniz, Etxeberria eta Sancho, atzoko aurkezpenean. (Olatz Prat/Hitza)
Urte berria, helburu berria
«Urte hasieran jende asko hasten da dieta egiten edo kiroldegira joaten. Guk azpeitiarrei proposatu nahi diegu has daitezela euren bizitza erotikoa berpizten», azaldu zuen Sanchok, «horretarako aholku eta ideiak behar dituenari laguntzeko ere bai baikaude hemen».
Programako arduradunek afixa eta eskuorriak prestatu dituzte, eta horietan 17 helburu edo proposamen idatzi dituzte, bakoitzak bere zailtasuna identifika dezan edo horietan jaso ez arren, gainditu nahi duen zailtasuna identifikatu eta gainditzeko erabakia har dezan. Hala, Sanchok aderazi bezala, «batek pentsa dezake nahi duela laugarren helburua lortu, hau da, orgasmoak bizitzen ikastea; edo hamabigarrena, armairutik ateratzea bere ingurukoek ez baitakite homosexuala dela; edo zazpigarrena, erekzio gaitasuna berreskuratzea».
Osasun sexualari arreta
Azpeitiko Osasun Zentroaren partaidetzarekin osatuko dute Plax! programa, herritarren osasun sexualaren inguruko informazioa emanez eta herritarrei arreta eskainiz.
Anbulatorioko Arreta Unitate buru Ana Errastiren ustez, «guztiok dugu osasun sexuala bizitzeko eskubidea, gure osasunaren eta ongizatearen osagai garrantzisua den heinean, baita kalitatezko arreta jasotzeko eskubidea ere». Bizitzako edozein arotan osasun eskubide hori gauzatu ahal izateko, beharrezkoa da arreta eta aholkuak eskainiko dituen «lan talde profesional baten laguntza, osasun sexualaren ezagutza teknikoa duena».