Maria Jesus Arregi eta Eneritz Albizu liburuxkarekin (Olatz Prat)
Uztarria Komunikazio Taldeak Maria Jesus Arregi Uzin azpeitiarraren liburuxka biografikoa argitaratu berri du. Joan den abenduaren 28an egin zuten aurkezpena Sanagustin Kulturgunean eta bertan izan ziren Uztarriako kideak, Arregi bera eta liburuxkaren egilea, Eneritz Albizu kazetari azpeitiarra.
Liburuxkako 69 orrialdeetan zehar emakume sentibera, indartsu eta geldiezina aurkeztu du kazetariak; hori jaso du Arregirekin izandako elkarrizketetatik, baita haren inguruko lagun eta senitartekoen izandako elkarrizketetatik ere.
Arregirentzako atzera begirako bat izan da, "atzean utzita edo ahaztuta nituen xehetasun askorekin oroitu naiz liburuaren aitzakian; beste elkarrizketatuek nitaz esan dituzten zenbait gauza ere ez nituen gogoan eta honi esker oroitu edo ezagutu ditut".
Albizurentzat ere garai bateko istorioak ezagutzeko aukera aparta izan da: "Maria Jesusen bizitzako gertaerez gain—azaltzen du kazetariak—, gure herriari buruzko gauza asko ikasteko balio izan dit, ni jaio aurretik edo oso txikia nintzela gertatu ziren gauzak, Elkarrik herrian antolatu zituen bileren kontua, esaterako".
Izaera ondo jasoa
Aste luzez aritu dira hizketan Arregi eta Albizu. Batzuetan kazetariak galderak egin eta Arregik erantzuten zituen, besteetan protagonistak ekartzen zuen hizketarako gaia eta hariei tiraka hasten ziren. "Azkenerako lagun batekin bezalaxe aritu gara hizketan", aitortzen du Albizuk. Bere lana, Arregirekin eta beste hainbat lagunekin edukitako elkarrizketetako fitxekin puzzlea osatzea izan dela dio, "denek ere gauza desberdinez hitz egin didate, Maria Jesusekin bizi izan dutenaren araberakoa".
Azkenean, puzzle horrek bere bizitza eta ibilbideaz gain, bere izaera ere ondo islatzen duela dio Arregik: "Agertzen da nire alde sentibera, ze oso sentibera naiz, gehiegi esango nuke. Baina, era berean, gogorra izan behar denean ere, badakit gogorra izaten, eta hori ere agertzen da liburuan".
Hamargarren liburuxka
Arregirena Uztarriak argitaratu duen hamargarran liburuxka biografikoa da. Julian Bereziartua, Leo Etxeberria, Valentina Agirre, Santi Lazkano, Amaia Garmendia, Enkarna Arregi, Iñaki Bergara Pio, Bernardo Aizpitarte Kabra eta Enrike Zurutuzarenak argitaratu ditu 2009tik gaur arte.
Proiektu honekin, Uztarriak herriko kazetari gazteei idazteko aukera eman eta hainbat azpeitiarren bizitzak eta ekintzak argitara ateratzea du helburu.
Maria Jesus Arregiren liburuxka biografikoa salgai dago Belaetxe liburu dendan eta Uztarriaren egoitzan (Perez Arregi, 1 behea), 5 euroren truke.