Zarautzen herri autobus berriak izango dira bihartik aurrera erabilgarri

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2014ko urtarrilaren 7a

Zarauzko autobus berriak atzo erakusgai Lege Zaharren enparantzan (Amaia Ventas) Autobus berriak izango dira erabilgarri bihartik aurrera Zarautzen. Zarauzko Udalak mugikortasunean garapen iraunkorraren alde "apustu garrantzitsua" egin du Mikel Goenaga Mugikortasun zinegotzoaren arabera, eta "aurrerapen tekniko guztiak" dituzten ibilgailu "moderno eta berri-berriek"  estreinatuko dituzte bihar. Iazko otsailean Eizagirre enpresako herri barruko autobusa erre egin eta Donostiako bat ekarri zuten Zarautzera, berria lortu bitartean garraio zerbitzua bermatzeko. Eizagirrerekin zuen kontratua amaitu zenean, udalak lehiaketa egin zuen herriko autobus zerbitzua eskainiko zuen enpresa esleitzeko. Aldi baterako elkartu ziren Pesa, Tolosaldea eta Ekibusek irabazi zuten. Oinarrien arabera, hiru autobus berri utzi behar zizkioten udalari.  Ordea, autobus horiek egin bitartean, Pesak behin-behineko autobusak jarri zituen erabilgarri. Orain, hiru ibilgailu berri prest daude herritarrei zerbitzua emateko. Bi erabiliko dituzte, eta bat gorde egingo dute, ordezkapenetarako. Mugikortasun zinegotziaren arabera, aurrekoen antzera "segurtasun eta baldintza tekniko guztiak" betetzen dituzte ibilgailu berriek. Berritasunak badituzte, ordea: hiru ate dituzte eta metro bat luzeagoak dira, 10,5 metro inguru dira luzean.  Hamalau pertsonek bidaiatu ahalko dute eserita, eta gutxi gorabehera 59 batek, zutik. Bestalde, motor bertikala dute eta arrapala dute erdiko atean, gurpildun aulkia erabiltzen dutenak autobusera igo ahal izateko. Horrekin batera, zenbait eserleku mugikortasun urriko pertsonentzat gordeko dituzte. Mugi txartela ere, bihartik Mugi txartelaren bidez herriko autobus zerbitzua integrazio tarifarioan sartzerarekin batera estreinatuko dituzte ibilgailu berriak bihar. Ildo horretatik, orain arte Bidai on txartela erabili dutenek txartel berria eskuratzeko aukera dute. Herriko hainbat puntutan lortu ahal da: Biyonan (Gipuzkoa Kalea, 64), Urquia dendan (Kale Nagusia, 26), Alicia liburu dendan (Araba kalea, 1), Luma liburu dendan (Foruen kalea, 12), San Frantzisko kaleko kioskoan, Mega Ciber Zarautz dendan (Orape kalea, 12), Lau okindegian (Araba kalea, 3), Amaloi pasteldegian (Zigordia kalea, 51) eta Gaztelu pasteldegian (Axular kalea). Behin txartel berria lortzeko prozesua bukatuta, litekeena da Bidai On txartelean oraindik ere dirua geratzea. Kasu horretan, Zarauzko Udalak itzuliko die herritarrei erabili ezinda txartel zaharrean geratutako dirua. Autobusean bertan, bidaia ordaintzerakoan, kontsultatu ahalko dute zarauztarrek txartelean zenbat diru duten pilatuta eta baita Etxezabalan ere, bertan dagoen gailuaren bitartez.  Dirua jasotzeko inprimakia ere Etxezabalan izango da eskuragarri eta baita udaletxean edota udalaren webgunean (http://zarautz.org)  ere. Behin inprimakia beteta, Bidai on txartel zaharrarekin batera eraman beharko da udaletxera edo Etxezabalara. Udalak kasu bakoitza baieztatuko du, eta transferentzia bidez itzuliko die dirua herritarrei. Dagoeneko egin daitezke eskaerak eta irailaren 30a bitarteko epea jarri dute. Epe luze horren helburua herritarrek kudeaketa egiteko lasaitasuna izatea da, harrera leihatilan ilarak sortu ez daitezen. Deskontu handiak Hainbat abantaila izango du Mugi txartelak. Hori zenbat eta gehiago erabili, orduan eta deskontu handiagoak lortzeko aukera izango du erabiltzaileak. Gainera, talde bereziek hobariak izango dituzte, hala nola: gazteek, adinekoek, urritasun fisikoa dutenek, pentsiodunek, diru sarrerak bermatzeko errentaren titularrek, onuradunak direnek eta beste askok. Gainera, Mugi txartel sistemak herriko autobusez gain, Gipuzkoako garraiobide publikoetan ibiltzeko aukera ere ematen du. Mugikortasun zinegotziak esan du, Udal Gobernuaren asmo nagusietako bat herriko mugikortasuna  hobetzea dela, eta autobus zerbitzuan hainbat aurrerapauso eman dutela: autobus ibilbideak aldatu, eguerdiko etenaldiak kendu, ordutegia zabaldu eta maiztasuna areagotu. Aldaketok "erantzun ona" izan dute herritarren aldetik; izan ere, 2013an  %13 igo da herri barruko autobus erabiltzaileen kopurua.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide