Bilduko Udal Gobernuak aurrekontu parte hartzailea abian jarri zuenetik gero eta proposamen gehiago jaso ditu Getariako Udalak. 2014ko aurrekontua osatzeko bilerak azaroan eta abenduan egin dituzte Getarian. Parte hartzea lehengo urteko antzeko izan bada ere , aurten jaso diren proposamenak "askoz gehiago" izan direla azaldu du Aitor Irigoien zinegotziak. Herritarrek parte-hartze aktiboa izatea "oso positiboa" dela uste du Udal Gobernuak, "hori baita herria denon artean hobetzeko bidea".
Denera
Guztioak Bat! ekimenaren baitan zazpi bilera ireki egin dituzte eta 57 herritarrek parte hartu dute. "Aurten, lehengo urtean baino bi bilera ireki gehiago egin ditugu eta bilera guztietan oso giro ona izan da; jendeak lasai hitz egiteko aukera izan du. Gainera, parte-hartze prozesuan parte hartu dutenek asko eskertu dute euren iritzia eman eta ekarpenak egiteko aukera ematea".
Aurten gainera, herritarrekin bilera irekiak egiteaz gain, etxe bakoitzera proposamenak jasotzeko fitxak bidali ditu Udalak. Dagoeneko amaitu da fitxak jasotzeko epea, eta datorren astean fitxen bidez jasotako proposamenen berri emateko asmoa du Udalak. "Beraz, guztira jaso ditugun proposamenak, bilera irekietan jasotako 73ak baino gehiago izango dira" zehaztu du Irigoienek