Etxe hutsen alokairua bultzatzeko akordioa sinatu du Zarauzko Udalak Jaurlaritzarekin

Urola Kostako Hitza 2014ko urtarrilaren 2a

Zarauzko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak akordioa sinatu dute etxebizitza hutsen alokairua bultzatzeko. ASAP eta Bizigune programetan hartuko du udalerriak parte, Zarautz Lur erakundearen bitartez. Helburua etxe hutsen jabeei horiek alokairuan jartzeko baldintza onak eta erraztasunak eskaintzea da, eta alokatu nahi dutenei horretarako aukera ematea. Hain zuzen, ASAP Alokairu Segurua, Arrazoizko Prezioak programa bi aldeen arteko bitartekaritza lanez arduratzen da. Modu horretan, programan parte hartzen duten etxejabeek errenta hilero jasoko duten segurtasuna izango dute Jaurlaritzaren eskutik. Era berean, alokairuan bizi direnek zerbait hautsiko balute erakunde hori arduratuko litzakete konponketez. Etxebizitza bat alokatu nahi dutenentzat ere onuragarria izango da Zarautzen abiatuko duten programa: ASAPen izena emandako etxeren bat alokatzeagatik gehienez hileko 550 euro ordainduko dute gehienez. Ondasun Higiezinen Zergari dagokionez, abantailak izango dituzte programa horretan izena ematen dutenek. Etxebizitza alokairuan jarriz gero, ez dute zerga hori ordaindu beharko etxejabeek, eta horrez gain, %50eko hobaria izango dute OHZ ordaintzerakoan. Hori dela eta, herrian etxebizitza huts bat izateagatik errekargoa ordaindu beharko dutenek programaren nondik norakoak azaltzen dituen gutuna jasoko dute etxean datorren asteetan. Zarauzko Udalak Ehuntzen planean jaso du helburu hori, 52. puntuan. Etxen hutsen ugaritasunak herriko hainbat sektoretan —batez ere gazteengan— eragiten dituen arazoak kontuan hartuta eta OHZren gainordaina ezartzeak irekitako bidetik, Zarautz Lur erakunde publikoaren bitartez erabilerarik ez duten edota gutxi erabiltzen diren etxeak merkaturatzean sakontzeko asmoa azaldu zuen udalak, Eusko Jaularitzako Enplegu eta Gizarte Politika sailarekin elkarlanean, Zarautz Lurretik beharrezko informazioa eta tramitazioak egitea ahalbideratuz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide