Duela lau urte gertatu zen ezbeharra. Amaia Ventas
Herri akusazioak berretsi egin du duela lau urte Zarautzen itota agertu zen haurraren aitarentzat Gipuzkoako Fiskaltzak egindako zigor eskaera: 23 urteko kartzela zigorra. Epaiketa datorren ostiralean izango da eta hilketaz gain, ustez haurraren amari heriotz mehatxuak egiteagatik ere epaituko dute 44 urteko gizonezkoa.
Defentsak akusatuak eskizofrenia paranoidea duela argudiatuta, absoluzioa eskatu du harentzat. Gaitz horren ondorioz alaba galdu zuela dio, alkohola eta estupazienteak kontsumitzeagatik "ahalmenak deuseztatuta" zituela-eta.
2010eko urriaren 7an gertatu zen ezbeharra. Ertzaintzak hemezortzi hilabeteko neskatila bat aurkitu zuen itsasoan, Zarauzko moilatik gertu, itota. Aitak berak eman zion poliziari desagerpenaren berri. Haren esanetan, Montetxio parkean igaro zuten gaua aita-alabek, eta gizonezkoa esnatzean alaba falta zela ohartu zen.
Gorpua aurkitu bezain laster eraman zuten atxilo aita. Gizonak aurretik atxilotzeko agindua zuen, beste delitu bat leporatuta. Ertzain-etxean utzi zuten, gerora Azpeitiko epaitegiaren esku uzteko.
Aurrez ere hamaika alditan atxilotu zuten ertzainek gizonezkoa, genero indarkeria eta alaba bahitzea egotzita. Duela hiru urteko uztailaren 18an gertatu zen honakoa. Atxilotuak, bere bikotekide ohia erasotu ostean,alaba hartuta ihes egin zuen Zarauztik. Hurrengo egunean, haurraren amak desagerpenaren berri eman zion Ertzaintzari. Galdakaon (Bizkaia) atzeman zuten bertako udaltzainek, eta bertako udalak amaren esku utzi zuen haurra.
Hortik aurrerakoa ez dago argi. Urte bereko irailaren 28an Bilboko auzitegi batek iheslaritzat jo zuen akusatua, uztailean bere aurkako epaiketara ez agertzeagatik. Abuztuan, berriz, epaitegiak gizonezkoa bilatzeko, atxilotzeko eta epaitegira eramateko agindu zuen,eta haren aurkako epaiketa abendurako finkatu.
2010eko urrian, atxilotu ostean, homizidioa egotzi zioten gizonezkoari, ez baitzegoen argi neskatoa haren utzikeriagatik zendu zen edo aitak berak hil ote zuen.
Hilketa
Akusazioak, ordea, hilketa egotzi dio. Goizaldera gizonezkoak alaba hartu eta Montetxiotik behera eraman zuen haren arabera. Errepidea gurutzatu eta itsasora bota zuen gerora neskatoa, bertan ito zedin utziz. Auzitegi medikuek egindako azterketan oinarritu da Gipuzkoako Fiskaltza zigor eskaera hori egiteko. Ikerketaren arabera, akusatuaren deklarazioan kontraesanak daude. Iratzarri zenean alaba falta zela esatean, haurrak mendi magala bere kabuz jaitsi zuela eman zuen aditzera. Autopsiak, ordea, neskatoaren gorpuak ez zuela ito aurreko lesiorik argitu du. Peritoen arabera, ia ezinezkoa da hemezortzi hilabeteko ume batek parketik moilarako bidea lesiorik jasan gabe egitea. Beraz, gizonezkoaren deklarazioa eta gertatutakoa bateraezinak direla ondorioztatu dute autopsia egin duten auzitegiko medikuek.