Oinez, pasieran edota korrika ibiltzeko ibilbide berria dute aiarrek atzoz geroztik. Kanposantuaren bueltan egin dute ia kilometro bateko luzera (970 metro, hain zuzen ere) duen zirkuitua eta atzo bertan, abenduaren 26an, inauguratu zuten besteak beste Igor Iturain alkateak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Gazteria eta Kirol diputatu Ikerne Badiolak.
Bi metro eta erdiko zabalera ditu ibilbideak. %6rainoko aldapa ere badu tarte batzuetan, baina gainerakoan laua da. Edadetuei begira egindako lana baita izan ere. Argiztatuta dago bidea eta, hortaz, kirola egiteko beste leku apropos bat izango du aurrerantzean Aiak.
2009tik gaur arte
2009an onartu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak Aiako kirol ibilbidearen proiektua eta proiektua 2008-2011 Gipuzkoako Kirol Ekipamenduen Planean sartu zuen horrela. 2012ko maiatzaren 29an sinatu zuten Aiako alkate Igor Iturainek eta Foru Aldundiko Kultura, Gazteria eta Kirol Diputatu Ikerne Badiolak proiektua egiteko hitzarmena.
Irailaren 23an hasi ziren Campezo enpresako makinak lanean Aiako kanposantu inguruan. 10 astez jarduten dute lanean.
420.588,78 euroko gastua ekarri dio lan honek Udalari: 307.178,27 euro kosta da zirkuitua bera egitea eta 76.954,41 euro lurra erostea. Beraz, hasieran aurreikusitakoa (113.410,51 euro) baino gutxiago gastatu du Udalak. Gastuari aurre egiteko Foru Aldundiko Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentuak 163.000 euroko laguntza eman du.