Zarauzko Arkamurka Natura-Elkartearen iritzi artikulua:
Ostiraleko HITZAn jaso genuen berria Zarauzko Real Golf Club-i urteko 40.000 euro inguruko errenta jarri diola Zarauko Udalak lur publikoak erabiltzeagatik, aurreko 1,5 euroren ordez. Pozten gara. Bazen garaia.
Arkamurka Natura-Elkarteak puntualizazio batzuk egin nahi ditu jendearen aurrean Zarauzko dunen inguruan:
1.-HITZAko testuan ez da argi geratzen duna-multzoa biotopoko zatia den edo biotopokoa izatea eskatzen den. Golfak okupatzen duen duna-sistema biotopoaren zati da 1997tik hona, LIC 2004tik eta ZEC 2013tik. Baina oraindik egiteko dago eremu horren erabilera-plana eta dunetako landare mehatxatuen kudeaketa plana. Plan hau Gipuzkoako Foru Aldundiak egin behar du, eta, espero dugu, eta hala eskatu izan dugu, 2016a baino egin dezan, golfeko kontratu-berrikuntza iristerako egina egon dadin. Hala gertatzen bada, kontratu berrian ez legoke ezer berezirik jarri beharrik kontserbazioari buruz, baizik eta delako plan horrek esaten duena fin-fin bete besterik ez.
2.-Arkamurka Elkartea golf-jarduera hortik kentzearen aldekoa da, inpaktu handiegia duelako zona horretan, eta Ezker Anitzako ordezkariak dioen bezala, "gunearen balore naturalaren kontserbazio eta berreskurapenarekin bateragarria" izan beharko luke bere erabilera. Arkamurkaren ustez, ez da bateragarria eta horregatik eskatzen dugu golf-jarduera handik kentzea.
Golf-jarduerak dakartza ordezkariak berak aipatzen dituen ondorioak: Ur-erabilpena (Erregaio-egun bakoitzean 300.000 litro ur ateratzen dituzte lurpetik), fitosanitarioen erabilera handia (herbizida, bermizida…), belardi naturalaren
green-eko belarren inbasioa, golfarien kanaleko etengabeko bisita (gainontzeko herritarrek debekatuta daukaten eremura), eta abar.
Duna eremu horretan azaleraren erdia landaredi naturalaren eremu kontsideratua dago teorian, praktikan errespetatzen ez dena. Eremu natural horretan dunetako landare-espezieak tipikoak diren 47 espezie bizi dira. Espezie horietatik Euskal Autonomia Erkidegoan mehatxatuta dauden 17 espezietatik 10 Zarauzko dunetan bizi dira. Aberastasun horren ganorazko zaintza ez dugu bateragarria kontsideratzen golf-jarduerarekin.
3.-Arkamurka Natura-Elkartea dunen gainetik egin zen pasabidearen aurka azaldu zen bere garaian, eta bere gestioari esker ez zen egin pentsatzen zuten adinakoa. Orain egin nahi dena lehen dagoena baino hobea dela uste dugu. Hala ere, Arkamurkak ez luke orain egingo duna-eremu osoa naturalizatu arte, agian, orduan beste diseinu eta helburu batzuekin egin beharko litzatekeelako.
4.-Arkamurka duna-eremu osoa publiko izatearen alde dago, eta udalak ahaleginak egin beharko lituzke hala izan dadin, handik edo hemendik horretarako sosak bilduz. Zurrumurruak heldu zaizkigu Real Golf Cluba Narrostarren zatia erostekotan dabilela. Horrek esan nahiko luke golf-jarduera betikotzea eta inguru horren naturalizazioaren betirako oztopoa.
5.-Beti egin den bezala, idatzi horretan esaten da golf-jarduerak babestu duela duna-eremu “garrantzitsu” hori. Egia da, baina neurri batean, zeren ezin baita esan herritarren edo bertako erakundeen naturaren aldeko sentsibilizazioak babestu duenik, erabiltzen den diskurtsoak aditzera ematen duen bezala. Egun, duna sistema horrek duen mehatxu eta inpaktu handiena golf jarduera bera da.
5.-Errenta berria ezartzearen aldeko adostasun osoa lortu da udaleko alderdi guztien artean. Ondo dago. Gainera, eremu horren kontserbazioaren aldeko deklarazioak nabariak dira. Hori ere oso ondo dago. Arkamurka Natura-Elkarteak animatzen ditu alderdi guztiok modu berean jokatzera Ihidieta (Irita) eremuarekin, eta hango industrialdearen proiektua batertzea. Hemendik 100 urtera esan dezatela XXI. mendeko udalari eta herritarrei esker eremu zoragarria duela hor Zarautzek.