"Bukatu da Polikulturalaren aroa". Hori 1,4 milio euro kostatu da, ordea. Azken kontratua eteteak, 113.000 euro. "Ameskeria" horrekin amaitzea "borroka latza" izan dela nabarmendu du Zarauzko alkate Juan Luis Illarramendik, eta horregatik gaur "egun pozgarria" dela.
Gari Berasaluze Kultura zinegotziak gogoratu du ondorio ekonomikoez gain, kulturalak ere ekarri dituela: "Orduko Modelo, Lizardi, Villa Munda, Ebro Etxea... zahartzen, zatartzen eta hondatzen utzi zituzten politikulturalean dena kabituko zela eta horrek guztiari erantzungo zion aitzakian". Garai hartako udal ordezkariek diru publikoarekin "arinkeriaz" jokatu zutela salatu du, eta "delirio horren sinbolo" dela Polikulturala. Bitartean herriko eragileek euren jarduera plazaratzeko espazio gabe zeudela eta ondorioz kalera atera behar izan zutela.
Orain, zorrak kitatuta eta aro berria hasita, Udal Gobernuaren lana herriak behar dituen azpiegitura egokiak aurkitzea, moldatzea eta adostea dela nabarmendu du. "Aurretik zama handiak genituen eta orain benetako erronkei heltzea dagokigu aurreko urtetako arazoak konpondu direnean". Aurreratu du datozen asteetan ere "berri pozgarriak" emango dituztela.
Zer gertatu da gaur arte?
• 2003an, legegintzaldiaren hasieran, proiektu honekin lanean hasten dira.
• 2004ko maiatzaren 13an Zarauzko Udaleko kultur arduradunek bilera bat egin zuten IDOM enpresarekin, kultur erabilerarako eraikin baten bideragarritasuna aztertzeko. Bileraren aktan jasota dagoen bezala, Udaleko kultur arduradunek, ordurako zehaztuta zituzten eraikinaren ezaugarriak eta kokapena. Bilera haren ondoren, plangintza bat prestatu zuten proiektua gauzatzeko, urratsak zehaztuz.
• Bi ziren polikulturalaren beharra aldarrikatzeko argudio nagusiak: alde batetik, Zarautz Urola-Kostako hiriburua zela eta udan turismo asko erakartzen zuela (eskualdeko gainerako herrien azpiegiturak aipatu ere egiten ez zirelarik) eta, bestetik, Munduko Euskararen interpretazio zentroaren proposamena egiten du, auditorium-musika eskola- erakusketa aretoak izan beharreko ezaugarriak zehazten ditu.
• Ordurako polikulturalaren kostuek neurri handia hartu zuten. Udal teknikariek eta kanpoko enpresa batek egindako txostenaren arabera dagoeneko 165.000 euro gastatuak zituzten eta proiektuaren guztizkoa 14 milioi eurora igo daiteke, horrez gainera, eraikinaren urteko mantenuaren aurreikuspena, 2004ean udaleko arduradunek zuten kezka bakarra, 800.000 eurokoa delarik. Proiektuak aurrera jarraitzen du, finantziazioa lotu gabe izan arren.
• 2005-2006 urteetan, gerora lehiaketa irabaziko zuten enpresekin bildu ziren.
• 2006ko hasieran bi lehiaketa mugatu antolatu zituen. Lehena polikulturalaren eraikitze prozedura kudeatzeko zen eta aipatutako IDOMek irabazi zuen. Hauen aurrekontua honakoa zen: 700.000 euro eta horrez gain, Espainian zehar eta Viena, Basilea, Rotterdam eta Europatik egingo zituzten hainbat bidai.
• Bigarrena polikulturalaren akustika garatzeko lehiaketa izan zen. Hau mugatua zen eta New Yorkeko ARTEC enpresak irabazi zuen. Bi kontratu hauek Zarauzko Udalak sinatu zituen.
• Orduan adostu zutenaren arabera, 52 hilabete zituzten inaguraziora arte. 54 martxan jarri arte. Alegia, lanean amaiera 2010aren amaierarako aurreikusia zegoen.
• Une horretan, aurrekontua 14 milioitik 21era igo zen.
• Hirugarren kontratu bat sinatu zen, Wolf Prix arkitektuarekin. Honi 2007. urtean adjudikatu zitzaizkion lanak eeta 2008an sinatu zuen kontratua.
• 2009an aurreproiektua onartzen da eta jarraian oinarrizko proiektua idazten da. 2010. urtean adostu zen oinarrizko proiektua onartzen da.
• 2010eko urrian, Zarauzko Udalak ezin diola hasierako 21 milioiko aurrekontuari aurre egin, eta proiektua 13 milioitara moldatzeko proposamena luzatzen du. Zentzu horretan, 2010eko abenduan eta 2011ko martxoan, hauteskunde bezperan, arkitektoarekin bilerak egiten dira proiektua egokitzeko.
• Arkitektoaren erantzuna da: aurreproiektua berriz idatzi behar dela eta oinarrizko proiektu berria egin beharko dela. Horrek esan nahi duelarik, orain arteko dirutza alferrik xahutu dela.
Polikulturalaren gastuak
Guztira,
1.320.075,96€.
• International geophysical techonology (Azterketa geoteknikoa – 2.006).
3.445,20 €.
• Lurtek (Azterketa geoteknikoa – 2.011).
25.114,7 €.
• IDOM (Kudeaketa).
174.064,88 €.
• ARTEC (Akusktika).
308.573,43 €.
• CoopHimmelb(l)au (Arkitektura).
763.114,7 €.
• Dietak eta bestelako gastuak. Guztira,
45.763,05 €.
- 2005: Kanada, AEB, Budapest, London eta Basilea.
- 2006: London, Rotterdam, Viena eta Madril.
- 2007: New York, Viena, London, Madril eta Munich.
- 2008: Budapest, Viena eta Bartzelona.
- 2009: Helsinki.
- 2010: Viena eta Bartzelona.
- 2011: New York, Viena eta London.