Aiako ikasleek ez dute Oriokoek baino gehiago ordainduko Danbolin Musika Eskola

Urola Kostako Hitza 2013ko abenduaren 20a

Atzo iluntzean Orioko Udalbatza bildu zen osoko bilkuran. Azken hilabetetan Danbolin Musika Eskolako kuotaren inguruan eztabaida sortu da, Orioko Udalbatzak 2014ko ordenantza fiskaletan Aiako ikasleek Oriokoek baino gehiago ordaintzea proposatu zuelako eta gaiak zeresana eman zuen urteko azken udalbatzarrean ere. Ordenantza fiskalak jendaurrean izan dira 15 lan eguneko epean eta herritar talde batek erreklamazioa sartu du hurrengoa arrazoituta. "Legearen arabera adiministrazioak herritarrak ezin ditu baztertu non erroldatuta dauden oinarrian hartuta, administrazioaren aurrean herritar guztiok eskubide berdinak ditugu eta tasa desberdintasuna ezartzeko arrazoi bakarra errenta maila izan daiteke". Legean oinarrituz herritar taldeak Orioko Udalari eskatu dio Danbolin Musika Eskolako bigarren tarifa bertan behera uzteko eta ikasle aiarrei orain arteko kuota aplikatzen jarraitzeko. Jon Carrera Orioko Udaleko Idazkariak erreklamazioaren inguruko txostena osatu du eta herritarrek proposatzen duten oinarriko arrazoiak legezkoak direla kontutan hartuta 2014ko ordenantza fiskaletan Danbolin Musika Eskolako bigarren tarifa bertan behera uztea proposatu dio Udalbatzari. Behin betiko ordenantza fiskalen bozketa egin zuten atzo eta Bildu eta Orain taldeen aldeko botoekin eta EAJren aurkako botoekin onartu egin zituzten 2014ko ordenantza fiskal berrituak eta Aiako ikasleek ez dute Oriokoek baino gehiago ordaindu beharko Danbolin Musika Eskola. Bestalde, Sevilla II Kartzelan euskal presoek bizi duten egoera gogorra ere hizpide izan zuten udalbatzarrean. Hasiera batean, Bildu udal taldeak gaiaren inguruko mozioa aurkeztu zuen eta EAJk udalbatzarrean beste mozio alternatiboa aurkeztu zuen. Bozketa egin ondoren bata ez bestea ez ziren aurrera atera. Eskariak eta galderak atalean herritar batek hitza hartu eta alderdikerietan ibiltzearen ondorioak salatu zituen. "Oinarrian mozio bat zein bestea ziren onargarriak eta ez zait bidezkoa iruditzen alderdikerietan ibiltzeagatik, Orioko Udalak Sevilla II Kartzelan dauden euskal presoei bere babesa ez adieraztea" salatu zuen. Orain udal taldeko Mirian Urangak bat egin zuen herritarrak esandakoarekin. "Apirilean erabaki genuen Orain udal taldean alderdikerietan oinarritutako mozio lehian beti ezezkoa bozkatzea. Giza eskubideez hitz egiten ari gara eta kontua ez da EAJren edo Bilduren mozioa garaile ateratzea. Guretzat askoz egokiagoa izango zen astean zehar izan ditugun batzordeetan hiru udal taldeok bildu eta gaiaren inguruko testu bateratua adostea. Gaia sensiblea da eta pena bat da Orioko Udalak mozio bateratu bat ez aurkeztu izana". Udalbatzarraren amaieran Kristina Salsamendi herritarrak Jose Ramon Salsamendi eta Bernardina Aiestaranen izenean koadro bat dohaintzan eman zion Orioko Udalari. Orioko alkate Beñat Solaberrieta eta Kristina Salsamendi.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide