Tantaz Tanta, itsasoa Zumaiatik Bilbora

Baleike 2013ko abe. 19a, 11:51

Euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko jarrera aktiboa sustatzea du helburu Tantaz Tanta herri ekimenak. Urtarrilaren 11n itsaso handi bat osatu nahi dute, eta herriz herriko lana ari dira egiten dagoeneko. Zumaian ere hainbat ekintza prestatu dituzte Gabon garairako, Bilbokoaren atari. Tantaz Tantako partaide Ana Zendoiak kontatu dizkigu. Irailean Herrira mugimenduaren jarduera eten egin zuen Espainiako justiziak. Euskal preso eta iheslarien eskubideen alde bi urte zeramatzan lanean Herrirak. “Sarekada hark jokoz kanpo utzi zuen Herrira, baina, era berean, ikusi zen gizartean badagoela eskubide horien aldekotasuna zabaltzeko borondatea, lan egiteko gogoa duen jendea; hala sortu zen Tantaz Tanta ekimena”, azaldu du Zendoiak. “Hala ere, Tantaz Tanta ez da mugimendu antolatu bat”, zehaztu du; “herritar sare batek egin nahi izan duen ekintza zehatza da, urtarrilaren 11n Bilbon gauzatuko dena: tantaz tanta osatutako itsaso handi bat”. Ekimen berezi honekin herritarra protagonista aktibo sentiarazi nahi dute. “Preso eta iheslarien eskubideen defentsan ados dauden pertsona guztiek egin dezakete zerbait, eta hori aktibatzea da kanpainaren helburua, gero, urtarrilaren 11tik aurrera ere, aldarrikapenak bizirik jarrai dezan”. Ekintzak Zumaian Zumaian talde bat ari da Tantaz Tanta ekimena bultzatzeko lanetan. “Dagoeneko bilerak egiten ari gara jendearekin, ekimena aurkezteko eta iritziak jasotzeko. Ahalik eta jende gehienarengana iritsi nahi dugu. Eta [...]

Euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko jarrera aktiboa sustatzea du helburu Tantaz Tanta herri ekimenak. Urtarrilaren 11n itsaso handi bat osatu nahi dute, eta herriz herriko lana ari dira egiten dagoeneko. Zumaian ere hainbat ekintza prestatu dituzte Gabon garairako, Bilbokoaren atari. Tantaz Tantako partaide Ana Zendoiak kontatu dizkigu.

Irailean Herrira mugimenduaren jarduera eten egin zuen Espainiako justiziak. Euskal preso eta iheslarien eskubideen alde bi urte zeramatzan lanean Herrirak. “Sarekada hark jokoz kanpo utzi zuen Herrira, baina, era berean, ikusi zen gizartean badagoela eskubide horien aldekotasuna zabaltzeko borondatea, lan egiteko gogoa duen jendea; hala sortu zen Tantaz Tanta ekimena”, azaldu du Zendoiak. “Hala ere, Tantaz Tanta ez da mugimendu antolatu bat”, zehaztu du; “herritar sare batek egin nahi izan duen ekintza zehatza da, urtarrilaren 11n Bilbon gauzatuko dena: tantaz tanta osatutako itsaso handi bat”.

Ekimen berezi honekin herritarra protagonista aktibo sentiarazi nahi dute. “Preso eta iheslarien eskubideen defentsan ados dauden pertsona guztiek egin dezakete zerbait, eta hori aktibatzea da kanpainaren helburua, gero, urtarrilaren 11tik aurrera ere, aldarrikapenak bizirik jarrai dezan”.

Ekintzak Zumaian

Zumaian talde bat ari da Tantaz Tanta ekimena bultzatzeko lanetan. “Dagoeneko bilerak egiten ari gara jendearekin, ekimena aurkezteko eta iritziak jasotzeko. Ahalik eta jende gehienarengana iritsi nahi dugu. Eta horrekin batera, Gabonetarako zenbait ekintza antolatu ditugu, Bilbokoari begira”. Horrela, abenduaren 24an, tanta erraldoi bat irudikatu nahi dute. Gernika parkean 18:30ean biltzeko deialdia egin dute. Bakoitzak kandela bana izango du eta argazkia goitik aterako dute, argizko tanta bat irudikatu nahian. Abenduaren 27an azken ostiraleko ekintza egingo da, Erribera kalean. Giza katea izango da, 20:00etan. Eta abenduaren 31n, Mobilitsasoa egingo dute, Beheko Plazan (18:30ean): “Lehenik manifestazioa egingo dugu, ibilbide laburrekoa. Ondoren, lau ilaratan jarriko gara, olatu handi bat egiteko. Ekintza mota berriak egin nahi ditugu, jendea animatu dadin”. Abenduaren 27an eta urtarrilaren 5ean mahaia jarriko dute kalean, ur tantak saltzeko. Photo-call-a ere jarriko dute, nahi duenak argazkia ateratzeko.

Urtarrilaren 11n Bilbon

Urtarrilaren 11rako egun osoko egitaraua ari dira prestatzen. Mobilizazio nagusia, 17:30ean egingo da: “Aurten ez da manifestaziorik egingo; Bilboko kaleen okupazio masiboa egingo dugu. Milaka eta milaka ur tanta bildu nahi ditugu, itsaso handi bat egiteko. Pertsona bakoitzak ur tanta bat izango du. Ur tantak airera erakutsiz osatuko dugu irudia”. Zumaiatik autobusak jarriko dituzte, eta abenduaren 24tik aurrera eman ahal izango da izena.

Taldearekin harremanetan jarri nahi izanez gero: zumaiatantaztanta@gmail.com

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide