Hondakinen bilketa sistema adostu dute alderdiek Zestoan

Nerea Uranga 2013ko abenduaren 19a

Josetxo Mendizabal Zestoako EAJko udal taldeburua, Itziar Larrañaga Zestoa Zero Zaborrekoa eta Ruben Alberdi Bildukoa eta Zestoako jarduneko alkatea (Zestoako Udala/Hitza) Datuak Zestoako Udalak Urola Erdiko Mankomunitateari egindako ekarpena. - 2012. urtean: 285.885 euro. - 2013. urtean (aurreikuspena) : 298.843 euro. Errefusa eta honen kostua. Zestoan 2012. urtean 1.141.786 tona errefusa sortu zuten, eta horiek Lapatx zabortegian tratatzeagatik 138.396 euro ordaindu behar izan ditu Zestoako Udalak. Zestoan hondakinak. Zestoan iaz guztira 1.528.432 tona hiri hondakin bildu ziren. Horietatik %26,59 gaika bildu zen, eta gainontzeko %73,41 nahasita. Urola Erdi osoan hondakinak. Iaz Urola Erdian guztira 13.323.767 tona hiri hondakin bildu ziren. Horietatik %33,47 gaika bildu zen, eta %66,53 nahasita. Hondakinen %70 edo gehiago birziklatzea helburu, bilketa sistema berria martxan jartzeko lanean hasiko dira Zestoan. Hondakinak jasotzeko edukiontziak ez dira finkoak izango; denbora tarte zehatzetan jarri eta gero kendu egingo dituzte. Sailkatuta jasoko dituzte hondakinak. Hori horrela izateko, adostasunera iritsi dira Zestoako Udaleko Bildu eta EAJ. Herenegun, proposamena herriko Hondakinen Mahaira eraman eta bertan ere oniritzia jaso zuten. Ruben Alberdi Zestoako jarduneko alkatearen esanetan, akordioa «ona» da, «nahiz eta atez ate ez dugun jarriko, bilketa sistema berriak hondakinen birziklatzearen %76ra arteko bermea du. Gainera, EAJrekin adostuta, emaitza hobeak lortuko ditugu». Akordioan jaso dutenez, hondakinak gaika jasoko dituzte, egutegi eta ordutegi baten barruan. Gainera, «gaika birziklatzea kontrolatuko da, bai banakako kontrolaren nahiz komutarioaren bidez, baita autokonposta edo auzokonpostaren bidez ere». Sistema berria dendari eta ostalariekin eta baserri inguruetakoekin adostea ere jaso dute hitzarmenean; «euren neurrirako bilketa egokiena adostuz» merkata- ritzakoen kasuan, eta «sistema moldatuz» baserri inguruetarako. Birziklatze tasa handitzearekin batera, Zestoako Udaleko alderdiek hondakin gutxiago sortzeko eta berrerabilpenerako politikak indartzeko konpromisoa ere hartu dute. Aldiro ikuskatuko den sistema Sistema berria martxan jarri ondoren, aldiro ikuskatu egingo dela adostu dute, «aurrez jarritako helburuak lortzen ari den ikuskatuko da, eta hala ez balitz beharrezko aldaketak eta hobekuntzak egingo dira». Sistema berria ezartzeko garaian udalak eragileen eta herritarren arteko elkarlana eta parte hartzea bultzatzea ere hitzartu du. Lanean hasteko prest Behin akordioa lortuta eta Hondakinen Mahaian aurkeztu eta oniritzia lortuta, lanean hasteko garaia dela-eta, horretan hasiko dira orain udal arduradunak. «Bilketa sistema berria martxan jartzeko bidean jarriko gara», esan du jarduneko alkateak. Zestoan hondakinen bilketa sistema adostu eta erabaki aurretik prozesu bat eman dute, baita hainbat pauso ere. Kudeaketa berria aukeratu aurretik, beste hainbat neurri ere hartu dute hondakinak murriztu eta birziklatzea sustatzeko: autokonposta bultzatu eta auzo konpostaguneak jarriz; birziklapen etxola ipiniz kiroldegiaren atzeko aldean; eta, auzoetan eta herrigunean, ekarpen guneak eraikiz. Atez atekorik ez dute jarriko, baina sistema horrek ematen dituen birziklatze tasetara heltzeko helburuekin jardungo du lanean udalak, jarduneko alkatearen esanetan. Izan ere, Bildu Zestoako Udalera atez atekoa jartzeko asmotan sartu zela gogorarazi du Alberdik: «Gure udalerako hautes programan ere horixe jarri genuen». Atez ate jartzeko aukeraren aurrean hainbat pauso ere eman dituzte Zestoako Udaletik: «Urola Erdiko Mankomunitatean gauzak lotu genituen, sistema aldatzeko aukera aurreikusita. Horrez gain, Aizarnazabalekin batera atez atekoaren bideragarritasuna aztertzeko Garbitania enpresa kontratatu genuen». Akordiorako lehen urratsak Bideragarritasun planaren azterketak luze jo zuela ere argitu du Alberdik, baina txostenak atez ateko sistema Zestoan jartzea «bideragarria» dela zioela azaldu du. Ondorioz, atez atekoa Zestoan jartzeko erabakia aurrera zihoan. Baina, orduan, hori hala balitz EAJk herri galdeketa egingo zuela adierazi zuen. «Galdeketa herriko giroa okertzeko kaltegarria izango zela eta adostasun bat lortzeko lanean hasi ginen Bilduko udal arduradunak», azaldu du Alberdik. EAJkoak hondakinak atez ate biltzearen kontra azaldu ziren hasiera-hasieratik. Akordio bat lortzeko asmoz, Bilduko udal ordezkariek %70eko birziklatze maila lortzeko sistema bat adostea proposatu zien. «Bosgarren edukiontziarekin %35eko birziklatzea lortzen da, eta hortik %70eko tasa lortzeko bidean akordio bat lortu nahi genuen. EAJ prest azaldu zen adostasun batera iristeko. Teknikoek aukerak aztertu eta proposamena egin ziguten udal arduradunoi. Eta halaxe lortu dugu akordioa», esan du jarduneko alkateak. Bildu EAJrekin biltzen hasi aurretik, ordea, Hondakinen Mahaia martxan eta lanean ari zen Zestoan; udal ordezkariak, Zestoako Zero Zaborreko kideak eta hainbat herritar bilduz. Mahaiak zortzi bileratik gora egin ditu. Ia urtebete pasatu da hondakinen kudeaketarako sistema desberdinak eta horien bideragarritasun planak aztertzen hasi zirenetik. Herenegun Hondakin Mahaian Bilduk eta EAJk lorturako akordioa aztertu zuten, eta balekoa eman zien. Orain, sistema berria jartzeko lanean hasiko da udala, eta datorren udaberrirako abian jartzea espero dute. «Ahalik eta azkarren martxan jartzeko lan egingo dugu», esan du Alberdik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide