Zarauzko Udalak eta golfak errenta kontratua gaurkotuko dute

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko abenduaren 19a

Urteko 41.619,60 euro ordaindu beharko dio Zarauzko Real Golf Club elkarteak udalari, haren lurrak erabiltzeagatik. Bi aldeek 1916an errenta kontratua sinatu zuten, eta orain arte urtero 1,5 euro ordaindu dio elkarteak erakundeari itsas ondoko  57.805 metro koadroko lur zati publikoan bere jarduera egiteagatik. 97 urteren ostean, atzo kontratua gaurkotzea erabaki zuen Zarauzko Udalbatzak urteko azken plenoan, aho batez. Atzeraeraginezko ondorioa izango du ordainketak; elkartea 2012ko otsailetik hasiko da pagatzen errenta berria. 2016ko otsailera bitartean, guztira lau ordainketa egingo ditu: 2012ko otsailetik 2013ko otsailera lehena; 2013ko otsailetik 2014ko otsailera bigarrena; 2014ko otsailetik 2015eko otsailera hirugarrena eta 2015eko otsailetik 2016ko otsailera laugarrena. 2016ko otsailaren 21ean amaituko da kontratua. Orduan,  erabaki beharko dute formula berarekin jarraitu edota zonalde horri bestelako irtenbide bat ematea. Udalbatzarrean hartutako erabakiaren ondorioz, Juan Luis Illarramendi alkateak sinatuko du golf elkartekoekin batera akordio berritua. Mende bete 1916ko otsailaren 22an sinatu zuten udalak eta golf elkarteak 20 urterako kontratua, urtero berritzeko baldintzapean. Bertan jaso zuten urteko 50 pezeta ordainduko ziola elkarteak erakundeari haren lurrak erabiltzeagatik. 2009an ordaindu zuen azkenekoz errenta, guztira 1,5 euro. Urteak dira Zarauzko Udala egoera hori erregulatzen saiatu dela. Baina «zailtasunak» izan ditu; izan ere, golfak hartzen duen azalera ez da soilik publikoa. Zarauzko Udalaren 57.805 metro koadroko sailaz gain, Narroseko oinordekoen jabetzakoak diren 104.980 metro koadro ere hartzen ditu zelaiak. Aurtengo azaroaren 18an onartu dute bi aldeek kontratua moldatzea, errenta eguneratuz eta 2028ko irailaren 12ra arte luzatuz. Horren ondorioa izan da udalarekin duen tratu ekonomikoa ere erregulatzea. Lehenbiziko kontratu hura sinatu zutenetik mendea betetzen denean bertan behera geratuko da hitzarmena. 2016tik aurrera eztabaidatuko dute zer gertatuko den golfarekin: kontratua luzatzea prezioa eguneratuta, zelaia publiko bihurtzea edota biotopoa zabaltzea. Adostasuna Alderdi guztiek onartu zuten kontratua aldatzea. Auzi horrekin «ibilbide luzea» egin dutela gogoratu zuen PSE-EEko Patxi Elolak eta orain bukatzea tokatzen dela. Golfari esker herrian «berdegune garrantzitsu bat»  mantendu dela gaineratu zuen, eta horregatik positiboa dela zelaiak hor jarraitzea. «2016tik aurrera baldintzak hobetu eta kontratuari jarraipena ematen bazaio, primeran».  Hainbat xehetasun jasotzen ez badu ere, kontratuaren gehigarri hori «denon arteko elkarlanari esker» lortu dela nabarmendu zuen EAJko Imanol Lasak. «Orain arteko egoera lotsagarri hori bukatuta, poza» agertu bazuen ere, Ezker Anitzako Mariana Aranburuk ñabardura batzuk egin zizkion erabakitakoari. Jakinarazi zuen 2010ko otsailean udalak errenta gaurkotzeko eskatu zuela, eta, ondorioz, ordutik hasi beharko lukeela Real Golf Club elkarteak alokairua ordaintzen. «Bestela udalak bi urte horietako 82.000 euroko errenta galduko luke». Horrez gain, golfa Iñurritzako biotopoan kokatuta dagoenez, erabilerak «gunearen balore naturalaren kontserbazio eta berreskurapenarekin bateragarria» izan beharko lukeela nabarmendu zuen. Ildo horretatik, kontratu berrian ura ateratzea, fitosanitarioen erabilera, espezie arrotzen sartzea eta Iñurritza eta itsas pasealekuaren arteko igarobidea berreraikitzeko beharrezkoak izango diren lurren erabilerari buruzko irizpideak jaso beharko dituela proposatu zuen.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide