Bihar, abenduaren 19a, arratsaldeko 19:00etan Alardearen seme-alabak dokumentala emango dute Kultur Etxean.
Emakumeek Irungo eta Hondarribiko alardeetan parte hartzearen alde eta kontra daudenen sentimenduak dira film honen ardatza. Festak egun bat irauten du bi herrietan. Egun hori osorik erabiliko dugu gure historia kontatzeko. Lehenengo zatian Alardea zer den ikusiko dugu, hasiera-hasieratik; haren historia, eszenaratzea, osaketa eta ezaugarriak. Bigarren zatian, gatazkaren hasieraz hitz egingo dugu, eta lehenengo urteetan, 90eko hamarkadan, izandako bilakaeraz. Hirugarren zatian, gaur egungo egoera aztertuko dugu, 2011 eta 2012koa, eta festaren orainari eta etorkizunari buruzko gogoeta egingo dugu.
Jone Karres eta Eneko Olasagastik zuzendutako pelikula da eta Karresek aurkeztuko du dokumentala eta galderak erantzuteko ere bertan izango da.
Jone Karres Soziologian, Ikus-entzunezko Hedabideen eta Artearen Zientziatan, eta Alemaniako Literaturan lizentziatu zen, Konstantzako Unibertsitatean. Zinema-kritikari gisa egiten du lan nazioarteko prentsarentzat eta FIPRESCIko kide da. Alardearen seme-alabak da bere lehenengo filma. Eneko Olasagasti, berriz, Informazioaren Zientziatan lizentziatu zen, EHUn. Bi film luze zuzendu ditu Carlos Zabalarekin batera, Maité (1994) eta Sí, quiero (1998), eta Barrura begiratzeko leihoak (2012) dokumentala beste lau zuzendarirekin batera.