Azkoitiko Matadeixe Zinetogram taldeak 2009ko maiatzean
Matadeixen zineaz jardunean zinemaren inguruko jardunaldiak antolatu zituen lehenengo aldiz, eta horien emaitza eskuartean du orain, lau urteko lanaren ondoren. Orduko hitzaldiak bildu, eta lehen aldiz liburua kaleratu du taldeak,
Begia amodioaren ehiztari izenburupean, Axularren zita bati erreferentzia eginez.
Harkaitz Cano idazleak, Andres Gostin irakasleak eta kazetariak, Iosune Muñoz literaturan adituak, Aitor Arregi zinemagileak eta irakasleak, eta Joseba Macias kazetari zenak hitzaldi bana eskaini zuten duela lau urteko zikloan. Guztiek ikus-entzunezkoak izan zituzten ardatz, bakoitzak eremu jakin bat jorratuz. «Oso hitzaldi indartsuak izan zirela ohartu ginen, eta guztiak jaso eta zabaldu beharra zegoela uste genuen». Behar horretatik sortutako liburua da taldeak kaleratu duena, eta horretarako hitzaldiak oso-osorik jaso ditu. Luis Zabala kazetaria, idazlea eta Zinetogrameko kidea izandakoak hitzaurrea idatzi du, eta taldeak epilogoa egin du.
Zinema maite dutenentzat
Taldearen hitzetan, liburuak zinemari ekarpen zuzena egiten dio, hizlariek jardunaldietan egin zituzten ekarpenak ere «oso aberasgarriak» izan zirelako. «Zinema arlo asko ukitzen dituela eta zinema egiteko modu berria dagoela esan zuen Canok, literatuak izan duen eragina eta telesailak aipatuz. Gostinek, berriz, zineman indarkeria nola lantzen den jorratu zuen. Arregik metaforak landu zituen, eta Muñozek emakumeak manga istorioetan duen rola izan zuten hizpide». Hala, zinema maite duen edozein etxetan egon daitekeen liburua dela nabarmendu dute.
Gaur aurkeztuko dute liburua, Matadeixen. 19:00etan izango da aurkezpena, eta ekitaldia borobiltzeko Krzysztof Kieslowski zinemagilearen inguruko mahai-ingurua egingo dute ondoren, Iñaki Lazkanok gidatuta. Zinemagilearen inguruko doktore tesia egin du Lazkanok.
Aurkezpena eta mahai-ingurua
Iaz
Kieslowskiren dekalogoa eta
Amator filma proiektatu zituzten, eta zuzendari honek «barruak astindu» zizkietela adierazi dute taldekideek. Hala, jarraipen gisa orain bigarren zikloa egiten ari dira. Azken emanaldia, gainera, bihar izango da.
La double vie de Veronique filma eskainiko dute, 22:00etan, Baztartxon.
Liburua non jarriko duten salgai eta zer prezio izango duen ez dute zehaztu oraindik. Kideen artean egindako lana izan dela nabarmendu dute, eta horrek bere denbora eskatu duela adierazi. Lana nahi baino gehiago luzatu zaien arren, «aberasgarria» izan zaiela jakinarazi dute. Azkoitiko Udalaren laguntzarekin argitaratu dute liburua. «Azkenaldian ez da sarritan ikusten erakunde publikoek kultura arloan arriskuak hartzea, eta gu, horretan ere, zorionekoak izan gara», diote.
Zinetogram zineklub taldea 1985ean Azkoitiko gaztetxean sortu zen. Gaztetxea itxi ondoren,
Matadeixe Zinetogram taldeak «naturalki» hartu zuen lekukoa, 2000. urtean. Ordutik film ugari eskaini dituzte herriko leku askotan. Egun, taldeak «bizi-bizirik» jarraitzen duela adierazi dute. «Hiru astetik behin herriko zinema aretoan pelikulak proiektatzen ditugu; asteazkenero, askotariko zikloetan, Matadeixen filmak eskaintzen ditugu, eta igande iluntzean pelikula klasikoei ematen diegu argia».