Urtekoa azken udalbatzarra egin zuten atzo Getariako udal ordezkariek
Atzo iluntzean udalbatzarrean bildu zen Getariako Udalbatza. Bertan 2014ko ordenantza fiskalak behin betiko onartu zituzten udal ordezkariek, oposizioaren aldeko botoekin eta Udal Gobernuaren (Bildu) aurkako botoarekin. Urriaren 30ean egindako ohiko udalbatzarrean eman zien lehen onarpena 2014ko ordenantza fiskalei, eta jendaurrean izan ondoren hiru erreklamazio jaso zituen. Alde batetik, Getariako Zero Zabor taldeak auzo konposta egiten duten familiei zaborraren tasan %40ko hobaria ezartzeko eskatu zuen. Bestetik, Getaiko Independenteek txebizitza hutsei Ondasun Higiezinen gaineko Zergan ezarri zitzaien %25eko gainkarga mantentzeko, eta auto eta auzo konposta egiten dutenei hobaririk ez onartzeko eskatu zuen. Horretaz gain, EAJ taldeak, Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen Gaineko Zergan aldaketarik ez egitea proposatu zuen.
Aurkeztutako erreklamazioak aztertu zituen Getariako Udal Gobernuak, eta Getaiko Independenteak taldearen eta EAJren proposamenak ordenantza fiskaletan jasotzea eta Getariako Zero Zabor taldearen alegazioa baztertzea erabaki zuen. Dena dela, Aitor Irigoien zinegotziak (Bildu) desadostasuna agertu zuen udalbatzarrean. «Onartuko ditugun ordenantza fiskalak eskuindarragoak eta kontserbadoreagoak izango dira, eta ez dut ulertzen hori udalaren gehiengoa ezkertiarra eta progresista denean». Ogasun zinegotziari ez zaio bidezkoa iruditzen birziklatzen dutenek eta ez dutenek zaborraren tasa bera ordaintzea. «Dena dela, gehiengoaren borondatea errespetatu behar dugu». Bozketan EAJko eta Getaiko Independenteak taldeko ordezkariek baiezkoa eman zuten, eta Bilduk ezezkoa bozkatu zuen.
Euskara indatzeko plana
Euskararen gaiarekin lotutako hainbat gai ere izan zuten hizpide udalbatzarrean. Alde batetik 2013 eta 2017 arterako Getariako Udaleko Euskararen Erabilera Plana onartu zuten, Bilduren eta Getaiako Independenteak taldearen aldeko botoekin, eta EAJren abstentzioarekin. Planaren helburua Getariako Udalean «euskararen erabilera indartzea eta areagotzea da zerbitzu hizkuntza eta lan hizkuntza modura, euskararen erabilera bermatu eta herritarren hizkuntza eskubideak erantzun ahal izateko». Ildo nagusiak markatzen ditu planak.
Bestetik, kontratazio publikoetako espedienteetan aplikatu beharreko hizkuntz irizpideak aldatzea ere onartu zuten Getariako udal ordezkariek aho batez. Izan ere, uztailaren 10ean kontratazio publikoetan euskarari lehentasuna ematea onartu zuen Getariako Udalbatzak. Estatuaren abokatuak erabakia errekurritu egin zuen, ordea, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Zuzendaritzak Getariako Udalari gomendatu zion uztailean hartutako erabakia bertan behera uztea eta hizkuntza irizpideak ezartzea, beste bide bat hartzeko.